«Helburu politikoekin eginiko atxiloketak» onartezinak direla salatu, eta xede horiekin egindako «bortxa basati gehiago» ez dutela onartuko ohartarazi dute TATek, AAMk, ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Alternatibak, LABek eta EHNEk. Hortxe kokatzen dute Guardia Zibilak joan zen astean egindako operazioa, eta hartan atxilotuek —Igor eta Aitor Esnaola anaiek eta Lander Etxeberriak— egindako tortura salaketak. «Euskal Herriko prozesu politikoaren barruan» hori onartezina dela ohartarazi, eta inkomunikazioak bukatu egin behar duela abisu eman dute. Espainiako Gobernuari eskatu diote «errepresiorako politikak aldatu eta konponbiderako pausoak eman ditzan».
Orain ere torturatu egiten dutela salatzeko, prentsaurreko bat eman zuten eragile horiek atzo, atxilotuen senitarteko eta lagunekin batera, Donostian. Han zen Igor Esnaola, bere anaia Aitorrekin batera atxilotu eta hiru egun inkomunikatuta eduki ostean epailearen aurrera eraman ere egin gabe libre utzi zutena. Hark ere torturak salatu ditu, eta mahaian eserita entzun zituen bere anaiak eta Etxeberriak egindako tortura salaketak.
Mari Paz Garmendia lehengusuaren ahotik entzun zuen bere anaiak idatzitakoa: nola arropa guztia kendu, apur bat busti eta barrabiletan zein hanketan pintzak jarriz elektrodoak jartzeko imintzioa egin zioten; nola egin zioten poltsa behin eta berriz konortea galdu arte, aparretan bilduta, eta abar. Lander Etxeberriaren bikotekide Amaia Egiazabali entzun zion, bestetik, hari ere nola jarri zioten poltsa, etengabe, postura denetan eta goma aparrez bilduta; hilko zutela pentsatu zuela eta «txikituta» utzi zutela.
Aldaketarako deia Espainiari
Jarrera aldatu behar dutela ohartarazi diote prentsaurrekoa eman duten eragileek Espainiako Gobernuari. «Errepresio politikak» baztertu egin behar dituela eta «jokaleku demokratiko baterantz» urratsak egin behar dituela. Espainiak jarrera aldatzen ez badu beraiek ez direla «eskuak gurutzatuta» egongo jakinarazi dute prentsaurrekoan agertutako eragileek: «Orain arte bezala, eraso guztiek erantzun argia izango dute parez pare».
Bide horretan, Eusko Legebiltzarrean mozio bat aurkeztuko dutela jakinarazi dute. Torturaren kontrako mozio hori maiatzaren 5ean eztabaidatuko dute Eusko Legebiltzarrean, eta egun horretan bertan, parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egingo dute eragileek.
Ez da hori abian duten ekimen bakarra. Espainiak torturaren prebentziorako konpromiso batzuk hartu zituen nazioartearekin, eta, horren harira, Maria Luisa Cava de Llano tortura ekiditeko mekanismoen arduradun izendatu zuen. Euskal Herriko hainbat eragilek bilera eskatu zuten Cava de Llanorekin, gaiari buruz hitz egiteko. Ezezko erantzuna jaso dute, ordea. «Bere ardura eta betekizuna betetzen ez duela argi geratu da», salatu dute.
«Prozesu demokratikoa bururaino eramateko helburua» berretsi dute prentsaurrekoan agertutako eragileek, eta horretara bidean lan egingo dutela berretsi.
«Bortxa basati gehiago» ez dutela onartuko esan dute hainbat eragilek
Konponbiderako pausoak eskatu dizkiote Espainiari TATek, AAMk, ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak, LABek eta EHNEkMozioa sartuko dute Eusko Legebiltzarrean, eta maiatzaren 5ean eztabaidatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu