Bortxaketa saio bat salatu dute Tolosa inguruan, eta sexu eraso bat Bilbon

Gasteizen gizonezko bat atxilo eraman du Udaltzaingoak, ustez emaztea jotzeagatik

Sexu erasoen aurka egindako manifestazio bat, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Erredakzioa
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Emakumeen kontrako indarkeriarekin lotutako hainbat kasu gertatu da azken egunotan Euskal Herrian. Bortxaketa saio bat eta sexu eraso bat salatu dituzte Gipuzkoan eta Bizkaian azken orduetan. Gainera, gizon bat atxilotu egin du Udaltzaingoak Gasteizen, ustez emaztea jotzeagatik. Epailearen aurrera eramanen dute gizon hori.

Bortxaketa saioa Tolosaldean gertatu da, Gipuzkoan, emakume batek Ertzaintzaren aurrean salatu duenez. Sexu erasoa, berriz, Bilboko Uribarri barrutian izan da, ustez. Aldapan Gora kultur elkarteak elkarretaratzea egin zuen asteartean, eraso hori gaitzesteko.

Tolosaldean gertatutako erasoa igande goizaldean jazo zen, emakume batek Ertzaintzaren egoitzan salatu duenez; zehazki, Iruratik Tolosarako bidean gertatu zela azaldu du. Bortxaketa saioagatik eta indarrez egindako lapurretagatik jarri du salaketa emakumeak. Ertzaintzak ikerketa jarri du martxan, ustezko erasotzailea atzemateko.

Bilbon salatu duten sexu erasoa, bertzalde, Uribarriko bestetan jazo zen, joan den ostiral goizaldean, bertako hainbat auzokidek salatu dutenez. Haien hitzetan, etxera zihoan 21 urteko emakume baten atzetik hasi zen gizonezko bat, eta jazarri egin zitzaion emakumeari.

Besta gunera itzuli zen emakumea, jendearen babes bila. Besta gunean ziren pertsonak, hain zuzen ere, ustezko erasotzailea harrapatzen ahalegindu ziren, baina ez zuten lortu, eta gizonak ihes egin zuen.

Aldapan Gora Uribarri eta Matikoko kultur koordinakundeak gogor salatu du eraso hori, eta elkarretaratzea egin zuen herenegun. «Besta herrikoi, parte hartzaile, euskaldun eta feministen» alde egin du, eta helburu gisa aipatu du «parekidetasuna oinarri duen kultura» elikatzea. Ildo horretan, inolako sexu erasorik ezin dela onartu erran dute Aldapan Gora elkarteko kideek, prentsara bidalitako oharrean.

Gizon bat atxilo, Gasteizen

Gainera, Gasteizko Udaltzaingoak 34 urteko gizon bat atxilotu du, ustez emaztea jotzeagatik. Udaltzainek ezagutarazi dutenez, atxiloketa herenegun gertatu zen, 16:00 aldera. Udaltzaingoari eraso baten berri eman zioten. Etxebizitzara joan, eta gizona atxilotu egin zuten udaltzainek. Epailearen aurrera eramanen dute.

Bertzalde, Bergarako garabi batera igo zen 42 urteko gizona asteartean jaitsi zen, bere kabuz, garabitik. Genero indarkeriaren aurkako legea dela eta ari zen protesta egiten. Kartelak jarri zituen garabian lege horren aurka, «babesik gabe» utzi duelakoan.

Garabian 37 ordu igaro eta gero, protesta bertan behera uztea erabaki zuen, bere kabuz, herenegun. Ertzaintzak atxilotu egin zuen. Desordena publikoa eragitea egotzi diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.