Bost greba egun egingo dituzte Haurreskolak partzuergoan

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek lanuzteetara deitu dute urtarrilaren 25erako eta 27rako eta otsailaren 22rako, 23rako eta 24rako

LABen, Steilasen eta ELAren agerraldia, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Haurreskolak partzuergoko sindikatuek mobilizazio eta greba egun gehiago egingo dituzte. Hala iragarri zuten atzo LABek, Steilasek eta ELAk, Bilbon egin zuten agerraldi batean. Hain zuzen, lanuzteetara deitu zuten urtarrilaren 25erako eta 27rako; baita otsailaren 22rako, 23rako eta 24rako ere. Sei aldarrikapen edo eskaera nagusi kaleratu nahi dituzte egun horietan: Haurreskolak partzuergoa doakoa izatea eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean integratzea, akordioak «errespetatzea eta betetzea», lan hitzarmen berria negoziatzen hastea, lanpostuak egonkortzea, Osakidetzak babes ekipamenduak ematea partzuergoko langileei ere eta aurrekontua handitzea.

Hezkuntza Sailak orain arteko bileretan izandako jarrera ere salatu zuten sindikatuek, eta Jaurlaritzari eskatu zioten etorkizunaz «argi hitz egiteko». Haien arabera, abenduko bi greben ostean bilera batera deitu zituzten, eta bertan izan ziren lehenengoz Hezkuntza Saileko ordezkariak ere, baina sindikatuak zalantzekin eta kezkekin atera ziren bileratik: «Haur eskolen etorkizunaren inguruan genituenak baino zalantza eta kezka gehiagorekin eta larriagoekin atera ginen». Uste dute Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak partzuergoak «inposatutako» gai ordenarekin egin zutela bilera, eta ez zietela puntu bat ere bideratu abenduan egindako grebetako aldarrikapenei. «Haien asmoa da kudeaketako langileen aurreakordioa aldebakarrez berrikustea, eta horregatik ez zuten inolako dokumenturik aurkeztu negoziaziorako», ziurtatu zuten. Gainera, oraindik ez dute bete aurreakordio hori, sindikatuen arabera.

Bildarratz, beste grebez

Haurreskolak partzuergokoa ez da hezkuntzan deituta dagoen lanuzte bakarra: ELAk grebara deitu ditu eskola garraioko eta jangeletako langileak urtarrilaren 27rako eta 28rako. Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua horri buruz aritu zen atzo Radio Vitorian. Azaldu zuenez, jangeletan greba egitekoak diren langileak «kanpoko enpresa batekoak» dira; beraz, Bildarratzen irudiko, enpresaren eta langileen artean lortu behar dute akordioa: «Horrelako akordioak lortzea zailagoa da, euren artean lortu behar dituztelako, enpresa baten eta bere langileen artean. Guk egin dezakeguna laguntzea da, eta pare bat bilera egin ditugu» .

Bildarratzek azpimarratu zuenez, «inoiz baino kontratazio gehiago» egin dituzte jangeletarako, eta ez du ulertzen zer gertatzen ari den: «Batzuetan kostatzen da ulertzea inoiz baino kontratazio gehiago daudenean, lan ikuspegitik egoera hobea dagoenean, horrelako kontuak modu honetan konplikatzea». Gainera, sailburuak nabarmendu zuen jangeletan egun bateko greba egiteak «gehien sufritzen dutenei» eragiten dizkiela arazo gehien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.