Bost greba egun egingo dituzte Haurreskolak partzuergoan

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek lanuzteetara deitu dute urtarrilaren 25erako eta 27rako, eta otsailaren 22rako, 23rako eta 24rako.

Haurreskolak partzuergoko sindikatuen agrraldia, gaur goizean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urtarrilaren 19a
16:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haurreskolak partzuergoko sindikatuek mobilizazioekin eta greba egunekin jarraitzea erabaki dute. Hala iragarri dute gaur LABek, Steilasek eta ELAk, Bilbon egin duten agerraldian. Hain zuzen, lanuzteetara deitu dute urtarrilaren 25erako eta 27rako, eta otsailaren 22rako, 23rako eta 24rako.

Sei aldarrikapen edo eskaera nagusi kaleratu nahi dituzte egun horietan: Haurreskolak partzuergoaren doakotasuna eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean integratzea, akordioak «errespetatzea eta betetzea», lan hitzarmen berria negoziatzen hastea, lanpostuak egonkortzea, Haurreskolak partzuergoko langileei ere Osakidetzak Norbera Babesteko Ekipamenduak ematea eta aurrekontua handitzea. «Argi utzi nahi dugu jarraituko dugula urteetan Haurreskolak partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanarekin eta langileak mobilizazioen bidez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan», ziurtatu dute sindikatuek ohar bidez.

Hezkuntza Sailak orain arteko bileretan izandako jarrera ere salatu dute sindikatuek, eta etorkizunaz «argi hitz egiteko» eskatu: «Haur eskolen etorkizunaren inguruan argi hitz egin dezala eskatzen diogu». Sindikatuen arabera, abenduko bi greben ostean, bilera batera deitu zituzten, eta bertan izan ziren lehenengoz Hezkuntza Saileko ordezkariak ere, baina sindikatuak zalantzati eta kezkatuta atera ziren bileratik: «Haur eskolen etorkizunaren inguruan genituen baino zalantza eta kezka gehiagorekin eta larriagoekin atera ginen».

Bilerarekin jarraituz, nabarmendu dute Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak partzuergoak «inposatutako» gai ordenarekin egin zutela bilera, eta ez zietela puntu bat ere bideratu abenduan egindako grebetako aldarrikapenei. «Haien asmoa kudeaketa langileen aurreakordioa aldebakarrez berrikustea da, eta horregatik ez zuten negoziaziorako inolako dokumenturik aurkeztu», ziurtatu dute. Gainera, aurreakordio hori ez dute bete oraindik, sindikatuen arabera. Horrela, iruditzen zaie zalantzan jartzen ari direla orain arte egindako lana: «Abenduaren 22ko bileran bertan Haurreskolak partzuergoaren etorkizunari buruaz egindako adierazpenek izugarri kezkatzen gaituzte: besteak beste, haurreskola txikien iraupena zalantzan jarri zuten».

Garraioan eta jangeletan ere bai

Haurreskolak partzuergokoa ez da hurrengo egunetarako hezkuntzan deituta dagoen lanuzte bakarra: ELAk grebara deitu ditu eskola garraioko eta jangeletako langileak urtarrilaren 27rako eta 28rako. Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua horri buruz aritu da Radio Vitorian egin dioten elkarrizketan. Azaldu duenez, jangeletan greba egitekoak diren langileak kanpo enpresa batekoak dira; beraz, Bildarratzen irudiko, enpresaren eta langileen artean lortu behar dute akordioa: «Horrelako akordioak lortzea zailagoa da, akordioak euren artean lortu behar dituztelako, enpresa baten eta bere langileen artean. Guk egin dezakeguna laguntzea da, eta pare bat aldiz bildu gara».

Bildarratzek azpimarratu duenez, «inoiz baino kontratazio gehiago» egin dituzte jangeletarako, eta ez du ulertzen zer gertatzen ari den: «Batzuetan kostatzen da ulertzea inoiz baino kontratazio gehiago daudenean, lan ikuspegitik egoera hobea dagoenean, horrelako kontuak konplikatzea modu honetan». Gainera, sailburuak nabarmendu du jangeletan egun bateko greba egiteak «gehien sufritzen dutenei» eragiten dizkiela arazo gehien.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.