Bost hilabete, eta prozesua mamitu gabe

Azken bost hilabeteetan urrats politikoak urriak eta erabakiak atzeratzeko joera nabarmena izan dira

Pello Urzelai.
2006ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
ETAk su-etena iragarri zuenetik bost hilabete iragan direnean, agerikoa da ez dela oraindik lortu konponbide edo bake eta normalizaziorako prozesu sendo bat mamitzea. Su-eten iraunkorraz gain,prozesuari egonkortasuna eman ahal dioten zutoinak falta dira. Joan den asteko agirian, ETAk prozesua «krisi nabarmenean» murgilduta dagoela adierazteak hautsak harrotu ditu, baina ez da izan ustekabea. Prozesua geldiunean, ez aurrera ez atzera, dagoelako sentsazioa oso hedatuta baitago eragile politikoen artean.

Bost hilabeteko epe honetan prozesuak lau ezaugarri nagusi izan ditu: urrats politiko gutxi egin dira, erabakiak atzeratzeko joaera nagusia izan da, negoziazio politikoa bideratzeko mahai edo foroari buruz eragile politiko nagusien arteko adostasunik eza, eta etengabeko interferentzia polizial eta judiziala.

«Politika denboren kontrola da, politika denbora da» esana du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak eta pentsamendu horren arabera jokatu du prozesu honetan. Lehenik, su-etena benetakoa zen egiaztatzeko denbora hartu zuen. Egiaztatu ondoren, ETArekiko elkarrizketa prozesuaren hasieraren berri emateko agerraldi bat egingo zuela esan zuen, eta jakinarazpen horren momentuarekin espekulatzen aritu da, «une egokian» egin nahian. Bi hilabete iragan zirenean, egiaztatzeko txosten gehiago ez zela behar aitortu arren, iragarpena maiatzaren 21era arte (Barakaldoko mitinean) ez zuen egin, eta adierazpen politikoa ekainaren 29ra arte. Bost hilabete hauetan, Zapaterok urrats politiko bakarra egin du, baina denboran behin eta berriro atzeratuz hutsunea bete eta besterik ez egiteko erabili du. Atzeratze horrek beste batzuk ekarri ditu elkar loturik. PSE-EEk ere baliatu du Zapateroren atzerapena maiatzaren 30ean iragarritako Batasunarekiko bilera uztailaren 6ra arte ez egiteko.

Horrez gain, tarte honetan Patxi Lopezek edo Jose Luis Rodriguez Zapaterok emandako pauso garrantzitsuenak ahulduta gelditu dira, beste gertakari batzuen eraginez. Maiatzaren 30ean, Batasunarekin bilduko zela jakinarazi zuenean, «beharrezko solaskidetzat» aintzat hartu zuen Patxi Lopezek. Aurrez aurre bilduz solaskidetzat aitortu arren, pauso hori ahuldu egin du alderdi sozialistak, legeztatzeko etengabe eskatuz.

Halaber, Zapaterok Espainiako gobernuburu batek inoiz egin duen aitorpena egin du: Espainiako Gobernuak euskal herritarrek «legezko prozedurak eta metodo demokratikoak errespetatuta» erabakitakoa errespetatuko duela agindu zuen. Baina ez dio segidarik eman. Alderdi sozialistak ere ez dio jarraipenik edo babesik eman. Alderantziz, PSE-EE bera Zapatero baino bi pauso atzerago jarri izan da askotan.

Bi elkarrizketa bideren ereduaren barruan, euskal alderdien artekoaren esparruan ez da izan aurrerapen nabarmenik. PSE-EE eta Batasunaren arteko harremanak ofizializatu eta erretratatu arreneta alderdi guztien arteko komunikazioa etengabea izan arren, ez dira gai izan orain arte gutxieneko aurreakordio bat lortzeko udazkenerako iragartzen duten mahaiaren osatzeari begira. Hauteskundeei begira, ordea, gero eta arretahandiagoa agertzen ari dira.

Prozesua indartze aldera eremu sindikaletik lantzen ari zen ekimena ere geldirik dago, Nafarroako UGTk urratsik egin nahi ez duelako.

GIRO DESEGOKIA. Bost hilabete hauetan, polizia indarrek eta Espainiako Auzitegi Nazionalak pisu gehiegi izan dute, konponbide prozesu batek mamitzeko behar lituzkeen tenperatuta eta hezetasun neurri egokiak lortzea nabarmen zailduz.

Batasunaren kontrako jazarpen judiziala etengabea izan da, bere jarduera politikoa baldintzatzeko eta legeztatzearen arazoa bere gain uzteko asmoz. Hilabete guztietan egon dira atxiloketak, baina operaziorik handiena ekainean gertatu zen, zerga iraultzailearen inguruan. Baina kolpea ez zen mugatu ETAri eta ezker abertzaleari eraso egitera. EAJko buruzagi batzuk, hainbat enpresaburu, komunikabide talde bat... ere zipriztindu egin zituzten.

Horri guztiari presio poliziala (kontrolak, hainbat ekitaldi eta manifestazioen errepresioa, segimenduak...), eta presoen kontrako politikaren jarraipena gehitu behar zaio. Presoen sakabanaketari amaiera jarri beharrean, zigorrak luzatzeko eta kaleratzeak eragozteko politikak indarrean jarraitzen du.

############

ETAren agiriak

Su-etena iragarri ondoren, ETAk beste hiru agiri kaleratu ditu, bat Frantziako herritarrei zuzendua, beste bat Espainiako herritarrei eta azkena euskal herritarrei,prozesua «krisian» dagoela jakinaraziz.

2006-03-22. Iragarpena. «Ekintza armatuen etenaldi iraunkorra abiatzea» erabaki duela jakinarazi zuen ETAk. Agiriaren bi bertsio egin zituen, bata Internet eta ikus-entzunezko hedabideentzat eta beste bat idatzizkoentzat (hurrengo egunean BERRIAk eta Gara-k kaleratu zutena). Erabakiaren helburua «Euskal Herrian burutu beharreko prozesu demokratikoa bultzatzea» zela zehaztu zuen ETAk, «elkarrizketa, negoziazioa eta akordioaren bidez gure herriak beharrezkoa duen aldaketa politikoa gauzatzeko».

2006-06-15. Deia Frantziari. Euskal Herriarekin duen gatazkari «aterabidea» elkarrizketa eta negoziazioaren bidez emateko deia egin zion ETAk Frantziako Gobernuari. Frantziako herritarreiEuskal Herriaren eskubideen eta onarpenaren aldeko jarrera eskatu zien.

2006-06-22. Konpromisoak gogoratuz. Elkarrizketaren bidean aurrera egiteko «zapalkuntza eta salbuespen neurri guztiak» baliogabetu behar direla gogorazi zion ETAk Espainiako Gobernuari, bake prozesu batekin «bateraezinak» direlako. Espainiako agintariek negoziazio prozesua garatzeko «bere 'su-eten' konpromisoak hartu eta bete» behar dituztela nabarmendu zuen.

2006-08-18. Krisia. ETAren azterketaren arabera, «prozesua krisi egoera nabarmen batean murgildu da». ETAren ustez, krisi honen iturburua «Euskal Herriari marko demokratikoa aitortzearen bidean erabaki sakonik hartu ez duten alderdi politikoen jokabide zekena dago». Espainiako agintariek hartutako «su-eten konpromisoak» bete gabe jarraitzen dutela salatu du. Euskal Herriaren kontrako erasoek jarraitzen badute erantzungo duela jakinarazi du.

############

Bost hilabeteko kronologia

URRATS POLITIKOAK
Apirila
1Manifestazioa Bilbon. Milaka lagun bat Konponbidearen garaia da. Euskal Herria, erabakia, adostasunaleloarekin.

8Ahotsak ekimenaren aurkezpena.
Maiatza
21 Zapateroren iragarpena. Barakaldon, Espainiako Gobernuak iragarri zuen ekainean ekingo ziola ETArekiko elkarrizketari.

30 PSE-EE eta Batasunaren bileraren iragarpena. Negozazio fasea iragarri eta Batasuna «beharrezko solaskidetzat» hartu zuen.

Ekaina
29 Zapateroren adierazpena. Prentsa agerraldi baten bidez, Espainiako Gobernua ETArekin hitz egiten hasiko zela jakinarazi zuen Zapaterok ,eta,legearen barruan, euskal herritarrek erabakitzen dutena errespetatzeko konpromisoa agertu zuen.

Uztaila
6 Alderdien arteko bilerak. PSE-EE eta Batasunaren arteko bileraz gain, aldebiko harremanakareagotu ziren uztailean zehar.

BATASUNARENJAZARPENA
Martxoa
29 250.000 euroko bermea Arnaldo Otegiri. Espetxera bidali zuen Grande Marlaska epaileak, bermea ordaindu arte.

Apirila

5 Kursaaleko ekitaldiaren debekua. Euskal Herria Ezkerretik Eraikiz proposamena aurkezteko ekitaldia debekatu zuen Grande Marlaskak.

11 Manos Limpias elkartearen salaketa, Batasuneko Mahai Nazionaleko kideek Donostiako manifestazioan parte hartzeagatik.

14 Ibarretxeeta Batasunaren arteko bilera eragoztekoasmoz salaketa bat aurkeztu zuen Ermuko Foroak Auzitegi Nazionalean.

Maiatza
4 Zamudioko Herriko Tabernaren ixtea.
19 Zortzi mahaikide, epaileak deituta. Fiskalak eskatuta, Iruñean ETAren su-etena baloratzeko eskainitako prentsaurrekoagatik.

24 Inputazio gehiago. Mehatxu terroristaren delitua ere inputatu zien.

25 Manos Limpias elkarteak salaketa bat aurkeztu zuen Arnaldo Otegiren kontra.

Ekaina
1 Zortzi mahaikideendeklarazioa. Inputazioei eutsi baina epaileak ez zuen neurri berririk hartu.

7Prentsaurreko bat galarazita Iruñean. Espainiako Poliziak prentsaurreko bat eragotzi zuen, Grande Marlaska epailearen aginduz.

9 Ibarretxeren kontrako kereila. Batasunarekin apirilaren 19an egindako bileragatik.

17 Iruñeko manifestazioaren debekua.
23 Bartzelonako hitzaldiaren debekua.
Uztaila
5 PSE-EE/Batasuna bilerak jarraitzeko agindua.
6 Zapateroren kontrako kereila.

10 PPren salaketa. PSE-EE eta Batasunaren arteko bileran parte hartu zuten kide guztien kontra.

12 Otegik deklaratzeko eskaera.
Abuztua
10 Donostiako manifestazioa. Bost mahaikideri deklarazioa hartu eta Batasunaren gaineko debeku judizialez ohartarazi zien, haien kontrako neurriak hartuko zituela esanez.

ATXILOKETAK
Martxoa
27 Luis Samuel Danborenea eta Daniel Yaniz. Ertzaintzak atxilotu zituen Bilbon.

Apirila
20 Ibon Meñika. Guardia Zibilak atxilotu zuen Elorrion, kontrol batean. Epaileak espetxeratu egin zuen. Tortura salatu zuen.

24 Sandra Barrenetxea. Guardia Zibilak atxilotu zuen. Aske gelditu zen. Tortura salatu zuen

Maiatza
19 Mexikotik estraditatutakoak espetxera.

30 Jon Oihenart, Ainara Goñi eta Beñat Trounday. Hiru gazteakaske gelditu ziren.

Ekaina
1 Zigor Merodio eta Kizkitza Gil de San Vicente. Frantziako Poliziak atxilotu zituen, Bordele ondoan. Epaileak espetxeratu zituen.

20 12 atxiloketa, Grande Marlaska eta Le Vert epaileenaginduz. Tartean, Julen Madariaga, Angel Iturbe, Eloi Uriarte, Joseba Imanol Elosua.

24 Jose Javier Azpiroz eta Juan María Saralegi. Bi enpresaburu nafarrak aske gelditu ziren.Barakaldo. Kutxa automatiko bat erre zuten Barakaldon.

26 Xabier Arzalluzek lekuko gisa deklaratu zuen, Madrilen.

29 Gorka Agirrek inputatu gisa deklaratu zuen. Epaileak 12.000 euroko bermea ezarri zion aske gelditzeko.

Uztaila
11 Pablo Muñoz eta Jesus Iruretagoiena. Biak aske gelditu ziren.

Abuztua
10 Zigor Bravo. Guardia Zibilak atxilotu zuen eta epaileak espetxeratu.

KALE ERASOAK
Apirila
22 Barañain. Barañaingo UPNko zinegotzi Jose Antonio Mendiberen burdindegia kiskalita geratu zen, dendari su eman ziotelako.

24 Getxo. Getxoko aseguru etxe bateko bulegoaren kontra koktel batzuk bota zituzten.

Maiatza
20 Pintura hainbat batzokiren kontra. Gasteiz, Getxo, Azpeitia, Errenteria eta Galdakaoko batzokien kontra pintura gorri eta horia bota zuten, Ertzaintzak Segiren elkarretaratzeak desegin eta ordu batzuk geroago. Gasteizko batzokian harriak ere bota zituzten.

Ekaina
23 Donostia. Posta bulego bat erretzen saiatu ziren, gasolina pote bati su emanez.

Gorliz. Kutxa automatiko bati su eman zioten erregaiarekin.

24 Barakaldo. Barakaldoko PSE-EEren egoitzaren kontra hiru koktel jaurti zituzten, eta kalte txikiak eragin.

Zornotza. Zornotzako epaitegien egoitzaren kontra koktel batzuk bota zituzten goizaldean.

Elorrio. Kutxa automatiko bati eraso egin zioten harriekin eta erregai bati su emanez.

Bilbo. Kutxa automatiko baten kontrako erasoa.

Abuztua
12 Barakaldo. Kutxa automatiko bat erre zuten Barakaldon.

13 Donostia. Kutxa bati eraso egin zioten eta zaborrontzi batzuei su eman.

Gasteiz. Bi kutxari su eman zieten.

20 Donostia. Mikrobus bati su eman zioten batzuek Donostian, eta inguruan zeuden autoei kalte egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.