Bost urte eta erdiko zigorra ezarri diote gizon bati, koinata adingabeari sexu erasoak egiteagatik

Bi urtez egin zizkion sexu erasoak. Gizonak 40.000 euro eman beharko dizkio gazteari, eta hamar urte eta erdiz ezingo da harekin mintzatu, ezta harengana hurbildu ere.

Nafarroako Justizia Jauregia, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako Justizia Jauregia, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko ekainaren 25a
13:53
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak bost urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio 39 urteko gizon bati, bi urtez bere etxean bizi zen koinata adingabeari sexu erasoak egiteagatik. Zigorra hitzartu egin dute akusazioek eta defentsak. Kartzela zigorra betetzeaz gain, gizona ezingo da emakumearekin harremanetan jarri hamar urte eta erdiz, ezta harengandik berrehun metrora baino gutxiagora egon ere. Horrez gain, 40.000 euro eman beharko dizkio. Epaiketa baino lehen, 21.305 euro eman zituen, gordailu gisa.

16 urtetik beherako norbaiti sexu abusu jarraituak egitea —sarketa eta guzti— leporatu diote gizonari, eta horri dagokion delitua egotzi. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak azaldu duenez, 2019an, adingabearen gurasoak atzerrira joan ziren. Hortaz, 14 urteko gaztea Iruñea ondoko herri batera joan zen bizitzera, ahizparekin eta haren bikotekidearekin. Akusatuak mehatxu egin zion: harekin sexu harremanak izaten ez bazituen, gurasoei jakinaraziko zien neskak bikotekidea zuela. Sexu erasoak egin zizkion bi urtez, ahizpa lanera joaten zen gau bakoitzean.

«Sari gisa» eta «adingabea kontrolatzeko», gizonak eskuko telefono bat eman zion. «Behin eta berriz» jartzen zen harremanetan berarekin, eta sare sozialetan argitaratzen zituen argazkiak gurasoei erakutsiko zizkiela esaten zion. Horrez gain, gizonak eskuko telefono bat jarri zuen neskaren gelan, eta grabatu egiten zuen dutxatik ateratzean eta arropa aldatzen zuenean.

Eskolako emaitzekin kezkatuta, gaztea beste ahizpa baten etxera joan zen Iruñera. Gizonak ez zuen erabakia onartu, eta ikastetxera joaten hasi zen, harekin itzul zedin esateko. Orduan, neskak erabaki zuen gertatzen ari zena lagunei kontatzea.

Hilaren 3an egin zuten epaiketa. Fiskaltzak 11 urteko espetxe zigorra eskatu zuen gizonarentzat, 16 urtetik beherakoei eginiko sexu eraso delituagatik, eta beste hamar urteko zigorra, intimitatearen aurkako delituarengatik. Azken delitu horretatik absolbitu egin dute; lortutako akordioan akusazio hori kentzea adostu dutelako.

Entrenatzaile bat zigortu dute

Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak, berriz, hogei hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio nesken futbol talde bateko entrenatzaileari, bi exhibizionismo delitugatik: entrenatzaileak biluzik ageri zen argazkiak bidali zizkien taldeko bi neskari —biak 13 urtetik beherakoak—, baita masturbatzen agertzen zen bideo bat ere. Sexu harremanak izatea ere proposatu zien. Zigortuak hiru urtez egon beharko du zaintzapean, ezingo du adingabeekin harreman zuzena behar duen lanik edo jarduerarik egin,  ezta haiengana hurbildu edo haiekin harremanetan jarri ere.

Zigortuari astungarri bat aplikatu diote: nagusitasun abusua. Akusazio partikularrak hamasei urteko kartzela zigorra eskatu zuen.

Akusatuak epaiketan onartu zuen elkarrizketa desegokiak izan zituela neskekin, baina haren helburua «laguntzea eta bizitzan eta harremanetan animatzea» zela. Hala ere, epaiaren arabera, akusatuaren azalpenak ez dira sinesgarriak; bi neskenak, aldiz, bai. 

Snapchat bidez bidali zizkien mezuak eta irudiak. Aplikazio horretan, mezuak eta irudiak ikusi eta gero, ezabatu egiten dira; neskek, ordea, pantaila argazkiak egin zizkieten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.