Katalunia

Bost urteko atzerako bidaia, 'Via catalana'-ra

2013ko irailaren 11n Bartzelonan egin zen mobilizazio jendetsua izan dute gogoan giza katean egon diren katalanek. Elkartasun keinuak ugariak izan dira ibilbide osoan zehar.

jon ordonez garmendia
2018ko ekainaren 10a
19:14
Entzun

Kataluniarekiko elkartasunez, kilometro berezi bat zegoen prest giza katean. Bilboko Indautxu auzoan ziren egitekoak, eta han izan dira, Gure Esku Dago-ren mobilizazioan parte hartzen, Kataluniako hainbat alderditako ordezkariak. "Via Catalana-n bizi genuena bizi izan dugu berriro hemen", esan du Aurora Madaula Junts Per Catalunyako-ko parlamentariak. Ia bost urte pasatu dira Bartzelonan mobilizazio erraldoi hura egin zenetik, eta batek baino gehiagok esan du giza kateak 2013an Katalunian egin zuten mobilizazio hura gogorarazi diola.

Kataluniako banderak Gure Esku Dago-ren giza katean, elkartasun kilometroan, Bilbon.

Kataluniako alderdi eta erakundeetako kide ugari izan da Bilbon, elkartasun kilometroan. Tartean zen Elisenda Paluzie ANCko presidentea. Erakunde hori izan da azken hamarkadan Bartzelonan egin diren mobilizazio erraldoien antolatzaile nagusia. Gaur giza katean esan du nolabait Euskal Herriaren falta sumatzen duela erabakitzeko eskubidearen alde katalanak egiten ari diren bidean: "Gustatuko litzaidake Katalunia eta Euskal Herria batera aritzea". Ignasi Termes Omnium Cultural erakundeko kideak elkartasun kilometrora gonbidatu izana eskertu du, eta elkartasuna aldebikoa dela gaineratu du.

Askok izan dute gogoan Kataluniako egoera, eta Mireia Boya CUPeko kideak adierazi du "hitz egiteko prest ez dagoen estatu baten aurrean" mobilizazioa dela garrantzitsuena. Euskal Herrian 175.000tik gora lagun elkartu dira, antolatzaileen arabera. 122. kilometroa zen Kataluniarekiko elkartasunez prestatutakoa, eta preso politikoak izan dituzte gogoan: xingola horiak eta espetxeratuen askatasuna eskatzen zuten pankartak ikusi ahal izan dira.

Elkartasun kilometro horretatik kanpo, Kataluniarekiko keinuak nonahi ikusi dira giza katean. Kataluniako banderak eraman dituzte askok eskuetan eta bizkarrean, eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak estelada zeraman elastiko bat eraman du soinean giza katean.

Rufian, lehen kilometroan

Gabriel Rufian ERCko diputatua ere giza katean egon da, baina lehen kilometroan, Donostian. Berak ere esan du ohorea zela beretzat giza katean egotea, eta Katalunian duela bost urte egin zen via catalana mobilizaziora itzultzea bezalakoa izan dela. "Inflexio puntu bat izan zen, orduan ezinezkoa baitzirudien herri bat inguratzea herritarrak elkar besarkatuta edo eskutik helduta. Baina egin zen, eta horrek indarra eman zigun gero egin ditugun beste gauza batzuk egiteko". Gaurko giza katea "historikoa" izango dela esan du, via catalana izan zen modu berean.

Rufianek gaineratu du "oso positiboa" dela Euskal Herriak "aspalditik" eta Katalunian "une honetan" bizi dituzten "askapen" bideek bat egitea, eta gaineratu du kataluniarrek beti jaso dutela euskal herritarrengandik elkartasuna, eta oso eskertuta daudela. Gaur ikusmin handia piztu du Rufianek giza katean, eta hainbat herritarrek harekin argazki ateratzeko parada baliatu dute. Paulo Muñoa giza katean lehen tokian zegoenarekin ere solastatu da Rufian.

Giza katea amaitu ondoren, Donostiako Parte Zaharrean izan da Rufian, eta momentu hunkigarriak bizi izan dituzte han bildu direnek. L'Estaca eta Els Segadors abestiak ere kantatu dituzte:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.