'Bateragune auzia'. Manifestazioa

Bost zigortuak askatzeko eskatu dute milaka lagunek Elgoibarren

Bake eta normalizazio prozesuan sakontzeko lan egiteko eskatu dute ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta AlternatibakGehiengo soziala gehiengo politiko bihurtzera deitu du Pernando Barrenak

Auzitegi Gorenaren epaia salatzeko, manifestazioa egin zuten atzo Elgoibarren. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Elgoibar
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Bateragune auzian zigortutako bost lagunak aske utz ditzaten eskatzeko manifestazioa bake eta normalizazio bidean lanean jarraitzeko deia bihurtu zen atzo Elgoibarren. Milaka lagun bildu ziren Arnaldo askatu. Politika askatu herri plataformak deitutako manifestazioan, eta ozen adierazi zuten Auzitegi Gorenaren erabakia ez dutela ulertzen. Pernando Barrenak eman zuen esplikazioa manifestazioaren amaierako hitzaldian: «Bake eta normalizazio politikorako prozesuari emandako masailekoa da!». Nolanahi ere, mezu zuena eman zion Espainiako Gobernuari: «Ez dago herri honen gehiengoa geldiaraziko duen sententziarik».

Otegi askatu. Politika askatu mugimenduko kideek eraman zuten aurreneko pankarta. Otegiren preso zenbakia zuen, handi-handi, eta Auzipetuak askatu leloa. Haren atzetik, beste pankarta bat eraman zuten alderdi politikoetako ordezkariek Prozesuaren aurkako erasorik ez. Konponbide garaia da leloarekin.

Izan ere, manifestazioan bildu ziren gehientsuenak Elgoibarko eta inguruetako herritarrak ziren arren, alderdietako ordezkariak ere joan ziren. Ezker abertzaleko kideak joan ziren batik bat: Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia, Pernando Barrena, Joseba Permach eta Joseba Alvarez, besteak beste. Aralarreko Rebeka Ubera eta Ainhoa Beola, EAko Rafa Larreina eta Alternatibako Ander Rodriguez ere han ziren. Baita Amaiurreko Iñaki Antiguedad eta Alberto Unamunzaga ere.

Ikurrinez josita egin zuten Arnaldo Otegiren argazkiekin apainduta zegoen ibilbidea, eta «Arnaldo askatu. Auzipetuak askatu», «Demokrazia Euskal Herriarentzat», «Ez ez ez, epaiketarik ez», eta «Errepresioa ez da bidea» izan ziren lelo nagusiak. Euskal presoak etxeratzeko ere oihukatu zuten.

Alarma gorriak Madrilen

Pernando Barrenak salatu zuenez, Auzitegi Gorenaren erabakiak erakusten du «Madrilen alarma gorri guztiak» piztuta daudela. Haren ustez, «ezintasunaren seinale» da eman duten erabakia, eta gauza bat lortu nahi izan dute: «Ezker abertzalea sumindu nahi dute,tripekin erantzun dezagun. Baina ez dute lortuko. Ezker abertzaleak buruarekin hartzen ditu erabakiak». Barrenaren arabera, hain justu horregatik ari da arrakasta izaten ezker subiranistaren bidea. Ezker abertzalea ez dela abiatu duen bidetik aterako ohartarazi du: «Ez diogu bere konfiantza eman digun jendeari kale egingo».

Hala, «bake eta normalizazio prozesuaren alde eta euskal presoak Euskal Herriratzearen alde dagoen gehiengo soziala» gehiengo politiko bihurtu beharra dagoela nabarmendu zuen Barrenak. Izan ere, Gorenak Bateragune auziko zigorra berretsi izanak PP eta PSOEren beste «obsesio» bat ere azaleratu du Barrenaren irudiko: «Ezkerreko subiranismoak EAEko hauteskundeak irabaziko dituen beldur dira. Haien amesgaiztoa da», ohartarazi zuen, eta bide horretan lan egiteko eskatu zuen.

Hain justu, ezker subiranista osatzen duten beste alderdietako kideak ere izan ziren martxan, eta guztiek bidean sakontzen jarraitzeko deia egin zuten.

Alberto Unamunzagak esan zuen «injustua» dela politika egiteagatik inor kartzelan edukitzea. Ainhoa Beola Aralarreko kideak salatu zuen «giza eskubideen urratze larria» dela epaituak espetxean edukitzea. «Erakusten du ez gaudela sistema demokratiko batean», haren arabera, eta bake eta normalizazio prozesuan «atzerapausua» dela. Alternatibako Ander Rodriguezek ere hitz egin zuen. Alternatibak balorazio ezkorra egiten duela nabarmendu zuen, eta «Espainiako erreinuaren kontraesanak bilatzen eta azaleratzen» lanean jarraitu behar dela azpimarratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.