Edozein zuzenbide estaturen aurkakoa; Justiziaren funtsezko oinarriak urratzen dituena; onartezina. Halakoa da, aditu ugariren ustez, azken urteetan Espainiako botere judiziala zuzendu duen irizpidea. Euskal preso politikoei espresuki zuzendu zaiena. Neurri, arau eta lege bereziak sortuta eta legeak berak modu berezian ezarrita gauzatu dena. 7/2003 Lege Organikoa da horren erakusgarri. Abokatu eta legelari askoren ustez, muga guztiak gainditu dituena: Parot doktrina gisa ezagutzen dena. Dozenaka euskal presori, egun batetik bestera, espetxealdiak urte askotan luzatzea ekarri diena.
Larria da oso neurria, Eskubideak abokatuen elkartearen ustez. Behin eta berriz salatu dute, auzitegietan dozenaka helegite eta protesta aurkeztuta. Auzitegi Konstituzionalean ere bai, Espainiako Konstituzioaren beraren aurkakoa ere badela seguru daudelako. Gaiari buruz hausnartzeko, konferentzi bat egin dute Bilbon. Iñaki Goioaga Eskubideak taldeko abokatua eta Alfons Lopez Tena aritu dira hizlari. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide izana da Lopez Tena. 7/2003 legea onartu zenean araua onartu zuen organo judizial horretan zegoena, eta legearen aurka boto partikularra egin zuena. Egun, Solidaritat Catalana per la Independencia alderdiko diputatua da Katalunian.
Lege horrek oinarrizko eskubideak eta Espainiako Konstituzioa urratzen dituela ezbairik gabekoa dela sinetsita dago. Parot doktrina gisa ezagutzen dena ez dagoela zuzenbidean oinarritua ohartarazi du, eta gauza bat agerian uzten duela: «Zuzenbidea helburu politikoetarako erabiltzen da».
Legea aldatzeko, Espainiako Gobernuak eta botere judizialak egindako «iruzurrak» azaldu ditu, egoera zuzenean bizi izanak emandako zehaztasunekin. Aznarren gehiengo osoko garaian Justizia Ministerioak ematen zizkien aginduen berri eman du. Lege, kode edo arau berriek zer esan behar zuten ministerioak zehazten zuela. «Hori onartzen ez zutenen aurka ehiza abiatzen zuten, eta hori egin zuten, besteak beste, Ruth Alonso epailearekin edo nirekin».
Hainbat gauza onartezinak direla dio. Atzeraezintasun printzipioa urratu izana, esaterako, eskandaluzkoa dela. Edozein zuzenbide estatutan delitu egileari delitua egin zuen uneko legedia ezarri behar zaio. Gerora legea aldatzen bada, ezingo zaio zigortuari zigorra gogortu lehenago egindako delituagatik.
Zuzenbidearen funtsezko oinarria izanik, hori gainditzeko «tranpa» egin zutela dio. «Ez zela atzeraezintasun printzipioari buruz ari jaso zuen lege berrirako txostenak; hitz berri bat asmatu, eta atzera begiratzea egingo zela jaso zuen». Gehienezko espetxe zigorra 40 urtera luzatzeak Konstituzioa urratu zuela dio, espetxearen helburua bergizarteratzea dela baitio Konstituzioak. Beste urraketa argi bat ere salatu du: «Ad hoc egindako legea onartu zen; onartu zen pertsona jakin batzuei lege bat ezarriko zitzaiela eta beste batzuei beste bat». Gauzak horrela, Parot doktrina desegin beharraz ohartarazi du.
Goioaga bat etorri da Lopez Tenaren gogoetarekin, eta abokatu lanetan ikusi dituenak salatu ditu. Kandido Zubikarairen kasua aipatu du. Zigorra kitatuta kaleratzeko eguna bertan zuela, doktrina ezarri, eta bost urtean luzatu zioten kartzelaldia. Hori ere bete zuenean, berriz ezarri zioten doktrina; «baina dagoenekobetea zuen hori ere!». Bost urte horiez gain, beste 166 egun izan dute kartzelan, doktrina bera birritan ezarrita. Salaketa egin zuen, eta kereila jarria du hargatik. «Prebarikazioa egin zuten, egoeraren berri bazutelako; justiziarako eskubidea urratu zioten; eta legez kanpo atxilotua izan zuten». Hala ere, esperantza handirik ez du. Botere judiziala «inpunitate osoz» ari dela salatu du, eta euskal presoen defentsarako abokatuen kereila guztiak artxibatu egiten dituztela. Abokatuen zeregina zalantzan geratzen dela adierazi du, kezkaz. «Irmoak diren zigorrak ere aldatzen dituzte!».
1995ean lege aldaketa egin zutenetik, zuzenbide estatuaren haustura agerian geratu dela dio. Izan ere, bere esanetan, «delituaren kontrako legea behar zuena pertsona batzuen aurkako lege bihurtu da». Botere Judiziala «Estatuko politikaren menpe» dagoela salatu, eta doktrina behin betiko desegiteko premiaz ohartarazi du. Horrekin batera, euskal presoen aurka espresuki sortutako lege eta auzitegi bereziak desagertzeko premia aldarrikatu du.
Urtarrileko manifestazioa
Konferentzian eta ondorengo mahai inguruan parte hartu duten abokatuek zigorraren 3/4ak edo 2/3k betea dituzten presoak askatzeko eta sakabanaketa amaitzeko eskatu dute, eta, horretarako presio egiteko, Egin Dezagun Bidea ekimenak urtarrilaren 7rako deitu duen manifestazioarekin bat egin dute. Bertan parte hartzeko eskatu diete «komunitate juridikoari eta zuzenbidean lan egiten duen profesional orori».
Botere judizialaren norabidea irauli beharraz ohartarazi dute adituek
Eskubideak elkarteak salatu du 'Parot doktrina' gisa ezagutzen den 7/2003 legeak zuzenbide estatua larri urratzen duelaLegea onartu zuen botere judizialeko kide Lopez Tenak doktrina desegiteko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu