Espainiako Gobernuak aginduta, auzitegiak behartuta, botikak berrordaintzeko sistema martxan jarri zuen uztailaren 1ean Eusko Jaurlaritzak. Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri zuen neurri hori konpentsatzeko neurriak hartuko dituela gobernuak, eta hitzeman zuen baliabide gutxien daukatenei laguntzak jarriko dizkiela, botikak ordaintzeko laguntza emateko. Hiru talde aipatu zituen: 18.000 euro baino gutxiago irabazten duten pentsiodunak, laguntzarik jasotzen ez duten langabetuak, eta asegururik gabe eta baliabiderik gabe dauden herritarrak.
Dekretu baten bidez bideratuko ditu laguntza horiek Osasun Sailak, eta lehen zirriborroa egin du. Interneten jarri dute kontsultagai. Berrikuntzak baditu proposamenak. Batetik, atzeraeragina izango duela Jaurlaritzaren erabakiak: hots, laguntzak jaso ahalko dituztela uztailaren 1etik aurrera ordaindutako sendagaiengatik. Bestetik, dirua aurreratu egin beharko dutela gaixoek: dekretuak dio eskaria egin beharko diotela Jaurlaritzari, hark baieztatuko duela baldintzak betetzen dituztela, eta sei hilabeterako ordainduko duela.
Urtero laguntza deialdi bat egiteko asmoa du Osasun Sailak, eta hor dago berrikuntza nagusia. Urtero, aurrekontuan, diru sail bat jasoko dute laguntzak emateko. Agortzen direnean, ez dute emango laguntza gehiago, nahiz eta baldintzak bete. Hau diote dekretu proposamenean: "Ez da diru-laguntzarik emango aipatutako laguntzak ordaintzeko aurrekontuan horretarako kreditu egoki eta nahikorik ez badago, eta dekretu honen eta berau garatzeko arauen eraginkortasuna bertan behera geldituko da laguntza berriak emateari dagokionez".