sortu-ren erregistroa

Boto partikularra aurkeztu duten epaileek diote Sortu ezin dela badaezpada legez kanpo utzi frogarik gabe

Ezker abertzaleko alderdia ETAtik aldendu izana "onartzeko moduko hipotesia" dela iritzi diote zazpi magistratuek, eta Sortu eta Batasuna "funtsean" ez direla gauza bera. Auzitegi Gorenak gaur 13:00etan jakinarazi du erregistroa debekatzeko autoa; "demokraziarentzat, zuzenbide estatuarentzat eta herritarren oinarrizko eskubideentzat mehatxu objektiboa da Sortu". 

2011ko apirilaren 1a
17:17
Entzun

Sortu ezker abertzaleko alderdia erregistratzeko debekuaren kontrako boto partikular bat aurkeztu dute gaur Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko salako zazpi epailek, euren ustez Sortu eta Batasuna legez kanpoko erakundea "funtsean" ez direlako gauza bera —salako gehienek Batasunaren jarraipena izatea egotzi diote Sorturi— eta Sorturi politikan jarduteko aukera ematea "behar-beharrezkoa" dela irizten diotelako. Idatzi dutenez, frogarik izan gabe ezin da badaezpada legez kanpo utzi.

Zazpiek sinatuta dago boto partikularra: Juan Antonio Xiol, Gonzalo Moliner, Jose Manuel Sieira, Jose Luis Calvo, Alberto Jorge Barreiro, Rafael Gimeno-Bayon eta Manuel Alarconek.

Sorturen eta Batasunaren artean desberdintasunak daudela diote magistratuok: egituran, antolaketan, sustatzaileetan, finantzaketan eta ETArekiko gaitzespenean. Alderdi berria ETAtik aldendu izana "onartzeko moduko hipotesia" dela iritzi diote, baita ETAk ezker abertzaleko "irizpide politiko berriak" onartu dituela esatea ere. Sortuk, ondorioz, erregistratuta egon beharko lukeela idatzi dute, eta debekua emateko "froga sendorik" ez dagoela.

Goreneko 61eko salak herenegun izenpetu zuen Sortu legezko egitea debekatzen duen epaiaren autoa —bederatzi magistratu debekuaren alde azaldu ziren joan den astean, auzi saioak egin ondoren—, eta aldeei gaur ezagutarazi die, 13:00etan. Defentsak orain 20-30 eguneko epea du Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkezteko.

Iñigo Iruin eta Adolfo Araiz abokatuek osatzen dute defentsa, eta lehengo asteko astearteko auzi saioan berretsi zuten Sortuk ezker abertzaleko legez kanpoko erakundeen iraganarekin hautsi egin duela eta ETAren indarkeria ere errefusatzen duela. Gorenari eskatu zioten ez erabakitzeko badaezpada legez kanpo uztea.

Goreneko autoak dio ETAk diseinatutako estrategiaren parte dela Sortu, ezker abertzalea maiatzeko bozetan egon dadin. "Demokraziarentzat, zuzenbide estatuarentzat eta herritarren oinarrizko eskubideentzat mehatxu objektiboa da Sortu". 

Udal eta foru bozak maiatzaren 22an izango dira. Hauteskunde prozesuaren arabera, Sortuk bere kasa parte hartzeko apirilaren 8rako ordezkari orokor bat izendatu behar du Hauteskunde Batzorde Zentralean, eta ordurako egon behar du erregistratuta Espainiako Gobernuko Barne Ministerioan alderdi gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.