Bouyguesi gehiago ordaintzera zigortu dituzte Marieneko auzipetuak Pauen

Paueko Dei Auzitegiak 8.742 euro ordaintzera zigortu ditu Ostia kolektiboko militanteak. Bouygues promotorearen maketa bat zikindu izana leporatzen diete.

Marieneko lurretan egindako ekintza bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Marieneko lurretan egindako ekintza bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko maiatzaren 15a
12:53
Entzun 00:00:0000:00:00

Paueko Dei Auzitegiak diru gehiago ordaintzera zigortu ditu Marieneko aferagatik auzipetuak ziren Ostia kolektiboko lau kideak, baina ez ditu ontzat eman Bouygues promotorearen eskaerak. 2022ko abenduan egindako desobedientzia ekintza bategatik erruduntzat jo zituzten lau kideak Baionako Auzitegian. Bouyguesek ez zuen ontzat eman epaia, eta helegitea jarri zuen, 40.000 euroren kalte ordainak eskatzeko. Azkenerako, 8.742 euro ordaindu beharko dituzte.

Kanboko Marieneko laborantza lurretan herriko etxeak baimendurik Bouygues multinazionalak higiezinak eraikitzeko abian duen egitasmoa salatzeko, promotoreak Angelun (Lapurdi) duen egoitzan sartu zen Ostia kolektiboa, eta ekintza sinbolikoa egin. Marieneko proiektua irudikatzen zuen maketa lurrez eta lastoz zikindu zuten, eta pegatinak itsatsi. 

Handik hilabete batzuetara lau militante atxilotu zituzten. Iazko maiatzean eman zuten haien kontrako epaia: 500 euroko isuna eman zieten, gibelapenarekin, eta Bouygues enpresari 5.000 euroko kalte ordainak ematera zigortu zituzten. Ez zen nahikoa izan hirigintza proiektuaren sustatzailearentzat, eta helegitea jarri zuen Paueko Dei Auzitegian. 44.000 euroko kalte ordainak eskatu zituen denera.

Mediabask-i egindako adierazpenetan Alain Larrea abokatuak erran du ontzat ematen dutela Paueko erabakia, eskatzen zutenaren heinekoa dela argudiatuta. «Bouyguesek Angelun gertatutako kalteei ez zegokien kalte ordaina eskatzen zuen; neurriz kanpokoa zen». Frantziako Kasazio Auzitegira jotzeko aukera baztertu du. Ikusteko dago promotoreak zer erabakitzen duen.

Landatze ekintza larunbatean

ELBk, Lurzaindiak eta Ostiak Kanboko (Lapurdi) Marieneko lurretan baratze bat landatzera deitu dituzte herritarrak larunbat honetarako, eta egun osoko egitaraua antolatu dute. «Marienea laborantza lurra da, haren belardiak betidanik landuak izan dira. Barazkiak ere landatu daitezkeela erakutsi nahi dugu», adierazi zuten deialdian. 

Laborantza lur horiek «lekuko eta kalitatezko mozkinen biltzeko ahala» ematen dutela uste dute deitzaileek, «ingurumena errespetatuz eta kontsumitzaileekin harremanetan jarriz». Hiru eragileek abiatutako laborantza ekinbide hori beste talde anitzek sostengatzen dutela baieztatu dute, «baita lurralde honetako biztanle gehienek ere».

Goizean ibilaldiak eginen dituzte Marienera, Kanboko eta Itsasuko herriko etxeetatik abiatuta; eguerdian ekitaldia eta bazkaria, eta arratsaldean, landatzea. «Elkartze, aldarrikapen eta festa momentu garrantzitsua izanen da». Horrez gain, makila eskuan agertzeko deia egin dute: «Hesian luzaran jarria izanen da, lurrean zin kolektiboa zigila dezagun, gure determinazioaren lekukotasun gisa, maite dugun lur hau babesteko».

Elkargoko eztabaidaren beha

Abenduan, Euskal Hirigune Elkargora ere iritsi zen gaia. Higiezin proiektuari buruzko eztabaida baten antolatzea galdegin zioten Jean Rene Etxegarai lehendakariari 64 hautetsik. Horien artean dira Bil Gaiten taldeko hautetsiak, Peio Etxeleku Kanboko hautetsi eta Elkarrekin Herriarentzat taldearen bultzatzailea, eta Colette Capdevielle Baionako hautetsi eta Frantziako Asanbleako diputatua. Eztabaidaren alde agertu zen Etxegarai, eta adierazi zuen gerora erabakiko zutela noiz eta zer formatutan egin. Gaur-gaurkoz, ez du horri buruzko informaziorik eman. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.