COVID-19 gaitzaren krisia dela eta, ba al dago aukerarik apirilaren 5ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ez egiteko, eta, ondorioz, haiek atzeratzeko? Gaia mahai gainean jarriz gero, zeinek hartu beharko luke erabakia? Hauteskunde araudiak ez dakar argibiderik, eta halako kasu baten aurrekaririk ere ez dago.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur esan du JEC Espainiako Hauteskunde Batzordearen eskumena dela erabakitzea: «[Espainiako] Hauteskunde Batzordeak irizpide teknikoetan eta profesionaletan oinarrituta hartu behar duen erabakia da». Dena dela, estatuko hauteskunde batzordearen iturri batek BERRIAri azaldu dio «lege hutsunea» dagoela hauteskundeak bertan behera uzteko aukeraz. Izan ere, LOREG Espainiako Hauteskunde Erregimenaren Lege Organikoak ez du ezer jasoa bozak ez egitearen auziaz, eta LOREGek arautzen du hauteskunde batzordearen funtzionamendua. Juan Luis Ibarra EAEko Hauteskunde Batzordeko buru eta erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak ere aitortu du estatuko ordenamendu juridikoan «hutsunea» dagoela, eta, beraz, ez dagoela erantzun «zehatzik» horrelako kontuei aurre egiteko. Jaurlaritzako Lehendakaritzak ere dio araudian ez dagoela aurreikusia bertan behera uzteko aukeraren aurrean zer egin behar den. Frankismoaren ostean estatuan hauteskundeak egiten hasi zirenetik, sekula ez da boz batzuen deialdia bertan behera utzi.
Hauteskundeak deituta dauden garaian —Galizian ere deialdia dute apirilaren 5erako—, astean behin biltzen da JEC. Gaur goizean egin du aste honetako batzarra, Madrilen, Kongresuan, eta gaien artean ez du izan bozen prozesua etetea. EAEko Hauteskunde Batzordea, berriz, gaur arratsaldean bildu da, Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean, hark ere gai zerrendan halakorik ez zeukala. JECek betiere eragile batek eskatuta aztertuko luke hauteskundeak atzeratzea; zehazki, talde politikoek aurkeztutako helegiteak eta tokiko hauteskunde batzordeek egindako eskaerak aztertzen ditu. Bozen suspentsioaz eskaerarik jasoko balu, JECek iritzi bat emango luke orduan, baina ez daukate garbi atzenean zein organuk hartuko lukeen erabakia. Hauteskundeetako prozesuetako gardentasun, objektibotasun eta berdintasun printzipioak betetzeaz eta betearazteaz arduratzen da JEC.
Hamahiru kidek osatzen dute Espainiako Hauteskunde Batzordea: zortzi lagun Goreneko epaileak dira, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak zozketa bidez aukeratuak, eta, beste bostak, Zuzenbide, Zientzia Politikoko edo Soziologia katedradunak, Kongresuko taldeek proposatutakoak.
«Alarma egoeraren» aukera Espainiako Konstituzioan
LOREG aldatzerik badago, baina jadanik ez legoke astirik apirileko hauteskundeak baino lehen erreformatzeko. Koronabirusaren krisiagatik Eusko Legebiltzarrerako bozak suspenditu nahi badira, aukera bat litzateke Espainiako Gobernura jotzea, eta, hark, konstituzioko 116.2 artikuluaren bidez, dekretu batekin «alarma egoera» aldarrikatzea Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako, Eneko Etxeberria EHUko Zuzenbide Prozesaleko irakasleak txio batean idatzi eta ondoren kazeta honi azaldu dionez. Osasun arloko krisi bategatik —epidemiak eta kutsatze kasu larriak daudenean, adibidez—, estatuko gobernuak har lezake neurri hori. Ministroen Kontseiluak du eskumena, eta, ondotik, Kongresuari jakinarazi beharko lioke erabakia. Hamabost eguneko ezartze epea du alarma egoerak, eta ezin da epea luzatu Kongresuaren baimenik gabe. Dekretuak finkatuko lituzke barrutia eta zein liratekeen neurriaren ondorioak.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren 1.788.719 herritar daude apirilaren 5eko hauteskundeetarako erroldan —kanpoan bizi diren 75.169 lagunek ere izango dute boto eskubidea—, eta 2.677 mahai elektoral egongo dira hiru herrialdeetan —8.000 herritar titular eta 16.000 ordezko—. Etzi zortzi hasiko da kanpaina.
Iparraldean, ezbaian jartzeke igandeko herriko bozak
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Lapurdin igande honetan izango da herriko bozetako aurreneko itzulia —233.868 laguneko errolda dago—. COVID-19 dela-eta ez da ezbaian jarri hauteskundeak ez egitea. Izan ere, hiru herrialdeotan gaitzaren kasu bakarra dago gaur-gaurkoz. EAEn, berriz, osasun arduradunek 261 kasu zituzten zenbatuta atzo arratsaldeko lehen partean —Nafarroan, 46—.
Baionako Herriko Etxeak igandean botoa emateko osasun neurrien jakingarrien berri eman du gaur, ohar baten bidez.