Bozek lurralde elkargoarekiko babes zabala erakutsi dutela uste du EH Baik

maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Departamenduetako bozetan lortutako emaitzak «biziki baikortzat» jo ditu EH Bai koalizioak. Izan ere, bigarren itzulian bortz kantonamendutan aitzina egin, eta, horrez gain, boz kopurua emendatu ere egin dute abertzaleek: joan den igandean, hain zuzen, 25.332 boz jaso zituzten, lehen itzulian baino gehiago—17.779 zituzten orduan—. Anita Lopepe bozeramailearen ustez, emaitza horiek erakusten dute kanpainan egin dituzten aldarrikapenei jendeak emandako «inportantzia». Eta tartean da, nagusiki, Ipar Euskal Herriarentzako instituzioaren gaiarena: «Guretzat, 25.000 pertsonak baino gehiagok bat egiten dutenean gure hautagaitzarekin, erran nahi du 25.000 pertsonak baino gehiagok bat egiten dutela ere Ipar Euskal Herriak egitura instituzional propioa izateko beharrarekin».

Lopepek adierazi duenez, aldarrikapen hori ez da hauteskundeetara bideratutakoa soilik, eta hortaz, bozen ondotik ere segituko dute lurralde elkargoa lortzeko lanean. Prefetak Ipar Euskal Herriko herri guziak hiri elkargo bakarrean biltzearen proposamena Pauetik (Okzitania) babestuko dutela oroitarazi du, bertzalde. Alain Iriart EH Baiko kontseilaria izanen dute horretarako akuilu, Errobi-Aturriko kantonamenduan hautatua izan baita Fabienne Aiensarekin batera. Haren hitzetan, hauteskunde horien emaitzei esker fiteago aitzinatuko da hiri elkargoaren proiektua.

Presidente berria, gaur

Gaur hautatuko dute Pirinio Atlantikoetako presidentea, Departamendu Kontseiluan eginen duten bozketan. Marie-Pierre Cabanne sozialista eta Jean-Jeacques Lasserre zentristarekin batera, Iriartek bere burua aurkeztuko du presidentetzarako, nahiz ez duen espero hautatua izaterik: «Instituzioaren gaia entzunarazteko modurik onena da aurkeztea». Talde nagusietatik kanpo egonen dela berretsi du, Pauetik Euskal Herriaren aldeko proiektuak sostengatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.