«Akordio honekin, Nafarroak irabazten du. Nafarroa gehiago bada, Espainia gehiago da». Lelo politiko bat izango balitz bezala laburbildu zuen Yolanda Barcinak UPNk PPrekin azaroaren 20ko hauteskundeetarako egindako akordioa. Atzo, UPNko presidenteak eta Mariano Raxoi PPko presidenteak akordioa izenpetu zuten. Biak bat etorri zirenbi alderdien mesederako izango dela, eta adierazi zuten hauteskunde akordio hori bateragarria dela UPNren eta PSNren arteko koalizio gobernuarekin. «Alderdi Sozialistarekin ez dut inongo akordiorik Nafarroan; EAEn, berriz, bai», aipatu zuen Mariano Raxoik. Yolanda Barcinaren irudiko, berriz, hauteskunde akordioak «ez du inolako zailtasunik eragingo» gobernuan.
Barcinak agerraldi garrantzitsuetan erabili ohi duen kolore gorriko jantzia zeraman eta Raxoik gorbata gorria. Sinadura ekitaldia Iruña Park hotelean izan zen, eta ondoren hitz batzuk egin zizkieten komunikabideei. Irribarretsu azaldu ziren biak. UPNren aldetik, Alberto Catalan, Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas izan ziren ekitaldian; eta PPren aldetik, Santiago Cervera eta Eloy Villanueva.
Raxoik nabarmendu zuen akordio horrekin «ia mundu guztia» ateratzen dela irabazle. Bi alderdiez gain, zaku horretan sartu zituen «Nafarroa eta Espainia». Espresuki eskerrak eman zizkion Nafarroako PPko alderdikideei, «akordio hori gauzatzeko lagundu dutelako». Modu horretan, keinu egin die Raxoik itun horrekiko mesfidantza azaldu duten Nafarroako hainbat alderdikideri. Azaroan hiru urte beteko dira bi alderdiek elkarlanerako akordioa hautsi zutela, eta, geroztik, ezerezetik hasita, PPk Nafarroan bere ibilbidea egin du. Hausturak zauriak eragin zituen, bereziki UPNtik PPra jo zuten hainbat militanteren artean.
Mariano Raxoik, ordea, ez du uste UPN akordio horrekin bere alderdiaz baliatzen dela eta nahi duenean soilik egiten duela hitzarmena PPrekin. «Aurreko bozetan bakarrik aurkeztu gara, eta orain UPNrekin egingo dugu, ikuspuntu eta programa bera ditugulako». Ziur azaldu da hurrengo hauteskundeetan batera joateak ez duela baldintzatuko PPk hiru urteotan Nafarroan egin duen bidea. Gainera, Raxoik iradoki zuen «etorkizunean akordio gehiago» etorriko direla bi alderdien artean.
Yolanda Barcinak, berriz, aipatu zuen akordio «ona» dela Nafarroarentzat. Bereizita aurkeztu izan balira euren boto-emaileek aukeratzeko buruhauste gehiago lituzketela uste du, eta nabarmendu du azken hogei urteetako usadioarekin jarraitzea lortu dutela Nafarroako eskuin eremua elkartuta. Gainera, haren ustez, akordioak ziurtatzen du UPNk Espainiako Gorteetan ahotsa izango duela.
Bozetarako akordioa sinatu dute Barcinak eta Raxoik
Nafarroako Gobernuan UPNk PSNrekin lotutako akordioarekin bateragarria dela diote UPNk eta PPk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu