Frantziako Asanblea Nazionalak atzo goizean onartutako eskualdeen berrantolaketak muzin egin dio bretoien aldarrikapenari; Loire-Atlantique (Pays de la Loire) departamentuarekin batzea, alegia. Mapa berriarekin, 22tik 13ra murriztu dituzte eskualdeak. Aldaketarik jasan ez dutenen artean daude Bretainia eta Pays de la Loire.
Bretainiak eta Loire-Atlantiquek aspalditik eskatzen dute lurraldeak elkartzea. Hautetsi bretoi gehienak ere horren alde daude, «Bretainia historikoa» berreskuratzeko asmotan. Baina, bai ezkerretik, bai eskuinetik, iritzi lokala kontuan hartu ez izana leporatzen diote Frantziari Bretainiaren batzea babesten dutenek, Parisetik datorren erabakia dela salatuz. Christian Troadec Carhaix komunako alkateak (Finistere, Bretainia) «kolpe gogorra» dela adierazi zuen, eta haserre azaldu zen gobernuaren jarrerarekin: «Teknokrata batzuen bulegoetan hartutako erabakia da, bretoien desirak eta lurralde bateko kide izateko nahia zapaltzen dituena».
Bestelako berrantolaketa proposamenak ere izan dira. Jean-Marc Ayrault PSko lehen ministro ohiak, esaterako, Bretainia eta Pays de la Loireko eskualde osoa batuko lituzke. François de Rugy Loire Atlantiqueko diputatu ekologistaren iritziz, ordea, batuketa horrek ez luke zimendurik: «Nola deituko genuke? Ouest Atlantique? Horrek ez du ezer erran nahi. Ezin dena izendatu, ez da existitzen». «Bakoitzak nahi duen etorkizunaz bere buruari galdetzea da garrantzitsuena», adierazi zuen Liberation egunkariari eginiko deklarazioetan. Horrez gain, bretoien identitateaz mintzatu zen: «Harrigarria» iruditu zitzaion identitate sentimendua hain handia izaki, Frantziak beste alde batera begiratzea.
Bretainia 1941ean zatitu zuen Alemania naziaren laguntzaile izan zen Vichyko Gobernuko buru Philippe Petain mariskalak, eta 1955eko banaketa administratiboak berretsi zuen, Naoned (Nantes) ezarriz Pays de la Loireko hiriburu.
Bretoien aldarrikapenak aspalditik datoz, sistema eta hizkuntza propioen alde. Berrantolaketaren aferak, protestak areagotu ditu bost departamentuko Bretainia berreskuratzearen alde.
Hilabete hauetan, batasuna babesten duten hainbat eragile mobilizatu dira Naoned e Breizh lelopean (Nantes eta Bretainia). «Benetako eskualdea berpiztearen alde» elkartu direla adierazi zuten manifestazioetan parte hartu zutenek. 44=Breizh erakundeak bretoien autodeterminazioaren alde egiten du lan. Atzoko erabakiaren harira, ez da konforme azaldu 44=Breizh: «Erreformak aurrera jarraitzen badu, gure nahiak Parisen entzuteko gaitasun faltaren isla izanen da. Konponbidea hemen,Bretainian, erabakitzea da; adibidez, erreferendum lokalak eginez».
44=Breizhen jarduera
44=Breizh 2008an sortu zen gazte antolakundea da, Bretainia batzearen alde. Batzea, ordea, ez da haien «xedea»; garapen instituzional, politiko, sozial eta kultural baten barnean kokatzen dute, bretoien interesen aldekoa izanen dena.
Iragan apirilean, erraterako,urteotako manifestaziorik jendetsuena antolatu zuen batzearen alde, eta egunotan hainbatekintza egin ditu aldarrikapena albait gehien entzun dadin. Roazhongo (Rennes) hautetsiekin harremanetan jarri zen, hainbat gauzaren artean, batzea babes zezaten.
Bizi, erabaki eta lan egin Bretainian erakundea Britainiaren «birbatzea» eskatu zuen. Kolektibo horren 11 puntuko aldarrikapenen artean dago.
Bretainiaren nahiei, entzungor
Bretainiak eta Pays de la Loirek ez dute aldaketarik jasan.44=Breizh erakundea: «Konponbidea hemen, Bretainian, erabakitzea da».Azken aldian, indartu egin da batzearen aldeko aldarria

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu