Bruselaren oniritzia eskuratu dute hemeretzi transgenikok

Genetikoki eraldaturiko laboreak baimendu ditu Europako Batzordeak datozen hamar urteetarako.Ados ez diren estatuek beto eskubidea baliatu ahalko dute

Oihan Vitoria.
2015eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Organismo transgenikoen matazari hari bat erantsi dio Bruselak: genetikoki eraldatutako hemeretzi labore saltzeko nahiz inportatzeko oniritzia eman du. Herrialdeen artean erabateko adostasunik ez, eta Europako Batzordeak hartu du erabakia, hurrengo hamar urteetarako. Orotara, hamar transgenikok eskuratu dute baimena aurreneko aldiz; zazpiri luzatu egin die, eta jada merkatuan zeuden beste biri, ordea, berritu. Eutsi egin dio orain arteko ildoari.

Abereen eta gizakien elikadurarako transgenikoak, landareetarako laborantzak... Askotarikoak dira Bruselaren baimena jaso duten transgenikoak. Gaur-gaurkoz, gehien ereiten diren transgenikoak artoa, soja, koltza eta kotoia dira. Horiek dira, justuki, Europaren baiezkoa jaso dutenetako zenbait; AEBetako Monsanto enpresarenak dira gehientsuenak.

Europak, hala ere, bide bat utzi du zabalik, bat ez datozen herrialdeek neurriaz erabakitzeko ahalmena eduki dezaten. «Europako Batasuneko 27 estatuetako agintarien esku geratuko da neurria ezartzea edo transgenikoak debekatzea». Beto eskubidea emanda, herrialdeek berek erabaki ahalko dute zein organismo transgeniko onartu nahi dituzten eta zeintzuk ez. «Borondatezkoa» izango da. Hainbat irizpide bete beharko dituzte horretarako: besteak beste, Europako Batzordeari jakinarazi beharko diote erabakia, eta transgenikoei bizkarra emateko zioen berri ere eman beharko dute.

Baina ez edonolako baldintzekin: batetik, Europako Batasuneko araudian zehaztutako obligazioak betetzen dituztela frogatu beharko dute transgenikoei ezezkoa eman nahi dieten herrialdeek; eta, bestalde, arrazoi «irmoak» ematera derrigortuko dituzte transgenikoak galarazi ahal izateko. Europako Batzordeak ohartarazi du, izan ere, ez dituela onartuko gizakien eta animalien osasunarekiko nahiz ingurumenarekiko «arriskugarritasunarekin» lotutako justifikazio «hutsalik».

Kontrapuntua da, edonola ere, prest diren estatuek ia nahierara salerosi ahalko baitituzte Bruselak baimendu berri dituen transgenikoak, AEBetako multinazional nagusiek aspalditik eginiko eskaria kontuan hartuta. Oro har, organismo transgenikoak kudeatzeko «erabateko askatasuna» emango die erabakiak herrialdeei, eta horrek nekazarien elkarteen berealdiko haserrea piztu du.

Multinazionalen interesei so

Greenpeace elkarte ekologista ere kritiko agertu da Bruselak emaniko pausoarekin. Salatu du AEBen presioei «men» egin diola, eta Europako Batzordeko buru JeanClaude Junckerren kontra jo du: «Herritarrengana gerturatzeko saioak egin ordez, AEBengana eta Monsantorengana hurreratzeko interesak ditu». Horren haritik, taldeko eledun Franziska Achterberg gaztigatu du erabakiak aurrerantzean organismo transgeniko gehiago ereiteko eta landatzeko parada eman diezaiekeela multinazionalei. «Onartu ezineko boterea ematen diete gobernuek, bioaniztasunaren kalterako; haien menpekoak dirudite».

Europako Batzordea argitu du, ordea, transgeniko guztiak ontzat jo dituela EFSA Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintarien Taldeak, eta adierazi du ez dela kezkatzeko motiborik. Oharra egin die transgenikoei mugak ezarri nahi dizkieten herrialdeei: transgenikoak ekoizteak toxiko gehiago erabiltzea dakarrela baztertuta, «aparteko arriskurik» ez dela uste du Bruselak. Eta gai gatazkatsua izan arren, malgutzat jo du neurria, oroitaraziz merkaturatzea estatuen esku egongo dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.