Buil: "Inork ez dezala uste otzandu garenik"

Ezkerrak ziurtatu du "leialak eta zorrotzak" izango direla. "Akordioa betetzea bilatuko dugu", adierazi du Marisa De Simon legebiltzarkideak.

Mikel Buil Nafarroako Ahal Dugu-ko bozeramailea, gaur, Nafarroako Parlamentuko inbestidura saioan. IñIGO URIZ, FOKU
arantxa iraola
2019ko abuztuaren 1a
07:09
Entzun

Nafarroako Ahal Dugu-ren izenean, Mikel Buil eledunak hartu du hitza. Gobernua osatzeko lortu duten itunaren defentsa irmoa egin du, eta haren alde egitea beste hauturik ez zutela esan du: "Izan ere, Nafarroak ez du gobernu autoritario kolore bakarreko bat nahi". Onartu du ez direla "errazak" izan akordiorako bidean egindako hainbat urrats, baina onespen hitzak izan ditu Maria Txibite PSNko hautagaiak elkarrizketetan izan duen portaera goratzeko: "Akordiorako bidean izan duzun jarrera eskertu behar dizugu". Eta nahiko pozik daude amaierako emaitzarekin Ahal Dugu-ko ordezkariak: igaro lau urteetan Nafarroako Gobernuan egindako lanaren "jarraipena" egiteko era ikusten dute, hein batean, itun berrian. "Nafarroa abangoardia izateko abagunean dago hainbat alorretan".

Xehe-xehe aurkeztu ditu ituneko aldagai nagusiak Builek. "Indibidualismoaren" inguruan ardaztutako gizarte ereduak dakartzan desorekak gainditze aldera, giltzarri izango dela uste du, eta "konpromiso zehatzak" dituela, gainera. Ez dira denean Ahal Dugu-k nahi bezain urrunera heldu. "Desadostasunak izan dira, adibidez, zergen arloan; talka egiten dugu hor", onartu du. Baina aintzat hartzeko erako neurriak badira, eta horiei so daude. Ez kezkarik gabe: "Badakigu koalizio gobernu batean sartzea arriskutsua dela talde minoritarioentzat, baina hartuko dugu arrisku hori". Orain, zuhurragoak direla esan du: "Ulertu dugu estrategia adostasunean dagoela". Baina, muinean, lehengoak: "Inork ez dezala uste otzandu garenik". Hauspo izan nahi dute. "Leialtasunez, irmo egongo gara aldaketa aireen alde".

Ezkerra: "Jarraipena"

"Jakina, hau ez da gure programa. Baina akordioetara heltzeko gaitasunak ekarri du, eta konpromiso politiko garrantzitsuak ditu". Ezkerrako ordezkari Marisa De Simonek gobernua osatzeko ituna goraipatu du. Hala ere, horrekin bat egin arren, gobernuan ez direla sartuko gogoratu du, eta Nafarroako Parlamentuan "aske" jarduteko era emango diela horrek. Maria Txibite presidentegaiari esan diote adi-adi egongo direla legealdian zehar. "Leialak eta zorrotzak izango gara: akordioa betetzea bilatuko dugu". Ituna lortu ezean, eskuinaren politika atzerakoiak berriz gailenduko zirela gogorarazi du, eta haiei atea ixteko ahalegina ezinbestekoa zela. "Era horretan, jarraipena emango diogu 2015ean hasitako aldaketari". Eta, zentzu horretan, hitzartu duten testuan mamia badela uste du. "Pertsonen bizi baldintzak hobetzen jarraituko duten politikak dira, politika zehatzak, oso argiak". Eta Nafarroa ireki baten isla. Eskuinak ezarritako politika "sektarioak" eta "diru xahutzaileak" albora uzten jarraitzeko era izango dutela pentsatzen du.

Maria Txibiteri kritika egin dio, hala ere, EH Bilduri elkarrizketetan ezarritako "betoaren" harira. Ez zaio onargarria iruditzen: "Gu ez gara subiranistak baina 50.000 boto dira, zazpi eserleku". Kritikatu ditu, halaber, Espainiako hainbat talde politiko akordioren harira zabaltzen ari diren "gezur zabarrak", eta horietan oinarrituta Txibitek jaso dituen mezu asko. "Zure ondoan egongo gara. Gezurrak besterik ez dira, irainak. Gezur horiexek orain dela lau urte guretzat ziren. Baina Barkosen gobernua ez zen nazionalista eta ETAren laguna; zurea ere ez da izango".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.