Bonba-furgoneta lehertu du gaur goizean ustez ETAk Burgosen (Espainia), Guardia Zibilaren kuartelaren ondoan, eta 64 lagun zauritu ditu. Horietako inor ez dago larri, eta arin zauritu dira -ebakiak, kolpeak...-. Guztiek jaso dute sendagiria, bik izan ezik: batek buruan traumatismoa du eta bestea antsietate krisiarekin eraman dute erietxera.
Goizeko laurak aldera izan da atentatua, eta ikerketa iturriek adierazi dute erakunde armatuak aurrez ez duela abisurik eman. Berrehun kilo lehergaiz osatuta zegoen bonba, ikerketako iturrien arabera. "Oso leherketa garrantzitsua izan da, eta zulo handia egin du lurrean", esan du Guardia Zibilak. Eztandak ibilgailua 60 metrora bota du.
Kuartela Burgos kanpoaldean dago, Kantabria etorbidean, Jerez kalean, eta eraikinaren atzean jarri du ETAk ibilgailua. Kalte materialak handiak eragin ditu eztandak. Kuartelak hamalau solairu ditu, eta denak kaltetu dira.
Zaurituetatik 27 dira kuartelean bizi direnak: hamahiru emakume, bederatzi gizonezko eta bost ume. Leherketaren unean 118 lagun zeuden eraikinean. 90 familia bizi dira bertan eta gaur ia erdiak ez ziren han, oporretan daudelako.
ETAk urte honetan egindako zortzigarren atentatua da gaurkoa. Aurrekoa uztailaren 9an egin zuen, Durangon (Bizkaia), PSE-EEren egoitzaren atarian hiru kiloko lehergailua jarrita. Zortzi atentatuotan lagun bat hil du: Eduardo Puelles Garcia Espainiako Polizia Arrigorriagan (Bizkaia), ekainaren 19an, haren auto azpian bonba ipinita.
Guardia Zibilaren kontrako azkeneko atentatua, berriz, 2008ko maiatzaren 14an egin zuen ETAk. Legutioko (Araba) kuartelaren aurka ehun kilo lehergaiz osatutako bonba-autoa lehertu eta Juan Manuel Piñuel guardia zibila hil zuen.
Burgosko kuartela, 1982koa
Guardia Zibilak Burgosen duen kuartela 1982an eraiki zuten, eta 15.648 metro kuadro dauzka. Hiriko ondoko beste etxeetatik pixka bat aparte dago, Santander (Espainia) alderako noranzkoan. Hamalau solairu ditu eta behea. Bertara sartzeko kontrol bat pasatu beharra dago.
ETAk 1983an egin zuen Burgosen lehen atentatua, harrezkero beste hainbat egin ditu. Ez du hildakorik eragin inoiz. Bi bahiketa ezagun ere eginda dago han: Jose Antonio Ortega Lara kartzela langilearena eta Javier Ruperez eskuindar politikariarena.
atentatua
Burgosen Guardia Zibilaren kuartelaren aurka bonba-furgoneta lehertu du ETAk, eta 64 zauritu arin eragin ditu
Goizeko laurak aldera izan da atentatua, Espainiako hiriaren kanpoaldean, aurrez abisurik eman gabe. Berrehun kilo lehergaiz osatuta zegoen bonba. 27 zauritu kuartelean bizi dira; leherketaren unean 118 lagun zeuden. Eraikinak hamalau solairu dauzka, eta denek jaso dituzte kalteak. ETAk iazko maiatzean egin zuen Guardia Zibilaren kontrako azken atentatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu