'Burgosko auzia' gogoratuko dute gaur, protagonista zuzenen lekukotzarekin

Euskal Memoria eta Goldatu elkarteen eskutik egingo dute, Donostiako Kutxa aretoan, 19:00etan

Arana, Larena, Onaindia, Karrera, Izko, Gorostidi eta Abrisketa, Burgosko kartzelan, 1970ean. BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2012ko abenduaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
1970.eko abendua Euskal Herriko historia garaikideko hilabete markatua izan zen. Erregimen frankistak hamasei euskal militante epaitu eta zigortu zituen epaiketa sumario batean. ETAren aurkako «kolpe gogorra» izan behar zuena, ordea, Francoren erregimenaren aurkako astindu izugarri bilakatu zen. Berrogeita bi urte igaro dira egun haietako gertaerak jazo zirela. Gaur, prozesu hura gogorarazteko ekitaldi bat prestatu dute Goldatu elkarteak eta Euskal Memoriaren Fundazioak. 19:00etan izango da, Donostiako Alde Zaharreko Kutxa aretoan —Abuztuaren 31 kaleko 36.ean—.

Josu Abrisketa, Itziar Aizpurua, Bittor Arana,Arantxa Arruti, Jone Dorronsoro, Jose Mari Dorronsoro, Juan Etxabe,Enrique Gesalaga, Jokin Gorostidi, Xabier Izko, Julen Kaltzada, Xabier Larena, Gregorio Lopez Irasuegi, Antton Karrera, Mario Onaindia eta Teo Uriarte ziren Burgosko auzian epaitu zituztenak. Abenduaren 28an, bederatzi heriotza zigor eta 519 urteko kartzela zigorra jaso zituzten, eta absoluzio bat (Arantxa Arruti). Abenduaren 30ean, berriz, Francoren ministroek heriotza zigorren ordez kartzela zigorrak ezarri zizkieten hiltzera kondenatutakoei.

Epaiketak iraun zuen bitartean, ehunka mobilizazio egin ziren Euskal Herrian, baita Katalunian eta Espainiako hainbat unibertsitatetan ere. Munduan ere bai; Parisko manifestazio erraldoia, esaterako. Eliza Katolikoak ere esku hartu zuen. Francoren erregimena erabat bakartuta zegoela ikusi zen orduan.

Protagonisten testigantzak

«Gertaera haiek mundu guztiaren aurrean erakutsi zuten Errepublikaren aurka kolpe militar faxista baten bidez boterean zegoen diktadoreak eta bere jarraitzaileek edozein oposizio mota errotik suntsitu nahi zutela», diote Goldatuz elkarteak eta Euskal Memoriaren Fundazioak; «baina bere ahuldadea ere nabari geratu zen, herri mobilizazioak zirela medio. Gertaera haiek izan ziren aurretikako eta geroztiko marra markatu zutenak».

Gertaera haiek gogora ekarri beharra ikusten dute bi elkarteek, «zoritxarrez, orduko borrokalarien arrazoiak eta ametsak indarrean dirautela uste dugulako, Euskal Herriko egoera politikoak, ekonomikoak eta sozialak erakusten digun moduan».

Gaurko ekitaldian orduan protagonista izan ziren batzuek parte hartuko dute. Besteak beste, Itziar Aizpurua, Jon Etxabe eta Antton Karrera auzipetuek eta Miguel Castellsek, Burgosko auziko abokatu defendatzaileetako bat izan zenak. Auziaren aurka protestatzeko Eibarren egin zen manifestazioan hil zuten Roberto Perez Jauregiren anaia Jorgek ere hitza hartuko du ekitaldi horretan. Ordukoaz egungo ikuspegitik mintzatuko dira protagonistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.