Burujabetzaren aldeko «besta erraldoia» eginen dute ekainaren 5ean Amaiurren

Ekitaldi politikoa, martxa, bazkaria eta kontzertuak eginen dituzte Amaiuraldian, Nafarroa Berriz Altxa-k antolatuta.

Nafarroa Berriz Altxako-ko kideak, Amaiurren, joan den apirilean. IDOIA ZABALETA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko maiatzaren 27a
12:37
Entzun

Amaiurko batailaren 500.urteurrena gogoratzeko «egitasmo nagusia» heldu den ekainaren 5ean eginen du Nafarroa Berriz Altxa eragileak, Amaiurren eta Elizondon (Baztan, Nafarroa). Gaur eman dituzte egunari buruzko azken xehetasunak, Amagoia Susperregi eta Joseba Compains bozeramaileek Iruñean eginiko agerraldi batean, eta, jakinarazi dutenez, duela bostehun urte gertaturikoa gogoratzea ez ezik «burujabetzaren aldeko besta herrikoi eta erraldoia» izanen da eginen dutena. 11:00etarako ailegatuko dira autobusak Amaiurrera, 11:30ean ekitaldia eginen dute herrian, ondotik hiru kilometroko oinezko martxa, eta azkenik herri bazkaria eta besta Elizondon. Trikidantz, Madame Birrots eta Irrien Lagunak izanen dira han, bertzeak bertze.

«Amaiuraldian, ez goaz soilik historiaz aritzera. Amaiuraldian, historia idaztera goaz», adierazi du gaur goizean Susperregik Iruñean egindako agerraldian. «Gure herriaren memorian, guztion ekarpen eta indarrarekin, data hori zizelkatzera goaz. 500. urteurrena baliatuz, etorkizuneko burujabetzaren aldeko olatua, gaurdanik, egia bihurtzeko». Bozeramaileek adierazi dute Amaiurko batailan «askatasunaren alde bizia emandakoei betiko argia zor» dietela: «Burujabetza askatasuna delako». Uste dute ekainaren 5ekoa «ahaztezina» izanen dela: «historikoa». «Iragana, oraina eta etorkizuna elkartzen diren Amaiurko zelaietan topo eginen dugu».

Jakinarazi dutenez, kamiseta bat egin dute egun horretarako espresuki, eta han soilik salduko dute. Bertzalde, autobusez joatea gomendatu dute: astelehenera arte dago izena emateko aukera. Autoz joaten direnentzat autobusak dohainik antolatuko dituzte Ordokiko industria eremutik Amaiurrera iritsi ahal izateko. Martxa berrogei bat minutukoa izanen da, eta eskatu dute oinetako erosoak eramateko. Webgune bat jarri dute martxan xehetasun guzien berri emateko:www.amaiuraldia.eus, eta egun horretan sare sozialen bidez emanen dute egunaren bilakaeraren berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.