Independentzia bai, independentzia ez eztabaida krisiari buruzkoa sahiesteko estrategia gisa ez erabiltzeko eskatu die Ezker Batua-Berdeak taldeak gainontzeko alderdiei. Gasteizen egindako agerraldian, Arabako zerrendaburu Jose Navasek adierazi du «ondorio makurrak» izango dituela krisialdi ekonomikoak herritar guztientzat, eta hori gainditzea jarri du lehentasun. Bizkaiko zerrendaburu eta lehendakarigai Raquel Modubarrek esan du ezkerra dela krisialdi horri aurre egiteko alternatiba bakarra, eta zentzu horrekin aurkeztu du kanpainako lelo nagusia ere: Ezkerra legebiltzarrera.
Bi gertakariren arrastoan ibiliko da hauteskunde kanpaina, Modubarren esanetan: batetik, krisialdi ekonomikoaren ondorioen inguruan, eta bestetik, agertoki politikotik ETA «desagertu» eta EH Bildu agertzearenean. Ezker Batuako lehendakarigaiak uste du egoera horrek panorama politikoa «behar bezala» jarriko duela: «Ezkerraren eta eskuinaren arteko zatiketa argi geratu da; langileak eta okerren pasatzen ari direnak defendatzen dituztenena eta bankuak mantentzeko dirua ematen dietenena».
Gauzak hala, hauek izango dira Ezker Batuaren lehentasunak: lanpostuak sortzea, industriarako politikak bultzatzea eta, batez ere, garapen iraunkorra eta galdutako eskubide sozialak berreskuratzea. Kanpainari dagokionez, gastu txikikoa izatea nahi dute. Modubarrek jakinarazi duenez, 110.000 euro erabiliko dituzte hauteskunde kanpainarako.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Burujabetzaz ez baizik krisiaz hitz egitea lehenetsi nahi du Ezker Batuak
Modubarrek ezkerra aldarrikatu du krisiaren alternatiba bakar gisa; 'Ezkerra legebiltzarrera' izango da EBren leloa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu