Miquel Casas. Psikiatriako katedraduna

«Buruko gaitz larriek ez dute loturarik gizarte mailarekin ezta jatorriarekin ere»

Psikiatriako ikerketak duela hamar bat urte indarra lortu zutela azaldu du Casasek, baina oraindik ere klinika psikiatrikoetako ikerketa luzeegia eta zaila dela gogorarazi du.

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Psikiatriako ehunka aditu bilduta daude egunotan Gasteizko Europa Jauregian XIX. Eguneratze Ikastaroen baitan, non psikiatriaren berrikuntza eta kezkak eztabaidatzen ari diren. Miquel Casas Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Psikiatria katedradun eta Val de Hebron ospitaleko zerbitzu buruak Osasun mentala eta immigrazioa mahaia zuzenduko du gaur, eta horren inguruan Katalunian egindako ekimenez eta jardunaldietako bestelako gaiez hitz egin du BERRIArekin.

Zer berezitasun dago etorkin atzerritarren arretan? Buruko gaitzak maiztasun gehiagoz ematen dira haien artean?

Ez, buruko gaitzek oinarri biologiko bat dutelako. Hau da, munduko txoko guztietan maiztasun bertsuarekin ematen dira. Buruko gaitz larriek ez du loturarik gizarte mailarekin ezta jatorriarekin ere. Ordea, gerta daiteke toki berri batera heltzean estres kronikoa pairatzea, Ulises Sindromea. Dena den, hori ez da buruko gaitz larri bat.

Etorkinen arreta psikologikoaren alorrean lan handia egin da Katalunian azken urteetan. Zeintzuk dira topatu dituzuen arazo nagusiak?

Medikuaren hizkuntza hitz egiten ez duen pertsona batek atzamarrarekin adieraz dezake non duen mina. Depresioak jota badago zailagoa gertatzen zaio zer duen azaltzea. Kultura batzuetan ez dituzte antsietatea, depresioa edo estres hitzak. Azalpen horiek uler ditzaketen pertsonak prestatu behar dira.

Nola egin duzue?

Bitartekari sare bat osatu dugu La Caixa Fundazioaren laguntzarekin. Bitartekari horiek urtebetez trebatu dira, eta bitartean soldata eman zaie. Haien ardura bakarra ikastea zen, hori baitzen trebakuntza bermatzeko modu zuzenena. Horri esker, ehun pertsonako sare bat osatu dugu, Europa mailako aurreratuena.

Medikuek ere trebakuntza bereziabehar al dute?

Bai, noski. Gorputzak erantzuteko modu ezberdinak ditu, metabolismo ezberdinak, eta botika baten iraupena ez da bera pertsona guztien artean. Dena den, arreta ematerakoan ez dira ghettoak sortu behar. Pertsona bakoitzari behar duena eman behar zaio.

Toxikomanoak asko landu dituzu zuk, eta bertan ere ghettoak sortzeko arriskua dago.

Tokiaren arabera, osasun sisteman edo gizarte zerbitzuetan sartzen dute menpekotasunen arreta. Osasun sisteman egon behar du; gizarte zerbitzuetan izateak toxikomaniei buruz ezer ez ulertzea erakusten du.Toxikomania larria duen pertsonak, edozein drogarekiko menpekotasuna garatu duenak, buruko gaitza du. Ez da gizarte arazoa. Hori esatea tontakeria da.

Azken hamarkadetan egondako droga kontsumo aldaketek ez al dakarte aldaketarik?

Modak daude, heroina orain desagertu eta hiru urte barru itzuliko delako, baina egonkorra da menpekotasun berrien kopurua. Gizarte faktoreak garrantzitsuak dira, baina ez dute menpekotasuna garatzearen zergatia.

Gaia aldatuta, medikuntzako ikerketan inbertsio gehiago eskatu dute jardunaldietako antolatzaileek.

Instituzioak ahalegindu dira, baina ez gaude Europako mailan. Orain, krisi garaian, suposa daiteke hobea dela ikerketako inbertsioa murriztea soldatak murriztea bainago. Soldatak orain jasotzen ditugu, baina inbertsioak etorkizuna konpontzeko baliogarriak dira.

Psikiatriako ikerketaren egoera zein da gaur egun?

Buruko gaitzetan lan egiten duen profesionalen masa kritikoak ez zuen sistema zientifiko naturala jarraituz lan egiten, eta, ondorioz, ikerketa taldeak azken hamar urteetan sortu dira. Dena den, ikerketa sareek lortu duten indarra kontuan hartzekoa da. Psikiatriako baliabideak erabiltzen dituen oinarri biologikoko ikerketa da etorkizuna.

Nola dago ikertzaileen harrobia? Alor horretan ere anaia txikia al da psikiatria?

Psikiatriako ikerketa emankorrena oinarrizko ikerketa biologikoa da; arratoiekin lan egitea, genetikarekin lan egitea. Argitalpen asko lortzen dira horren bidez, eta horrela neurtzen dira ikerketak. Klinika psikiatrikoetako ikerketa askoz luzeagoa da, zailagoa, eta lagin handiak behar dira. Gazte gutxik aukeratzen dute bigarren bidea, ospitale handietan.

Erraza al da ikerketa horien emaitzak gizarteratzea?

Jendeak kostata ulertzen du buruko gaitzak garatzeko nolabaiteko erraztasun biologikoa dutela pertsona batzuek. Buruko osasunaren oinarria garunean dago. Buruko gaitzak garunaren gaixotasunak dira, eta toxikomaniak garunaren gaixotasunak dira. Estresa jasateak ez du esan nahi psikotiko izango zarenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.