Osakidetzaren Buruko Osasunaren Gipuzkoako Sareko zuzendaria da Alvaro Iruin psikiatra (Donostia, 1959). Solaskide aparta da buruko eritasunei buruzko azalpenak emateko eta gizartean horien inguruko pertzepzioak nola aldatzen ari diren aztertzeko.
Buruko osasunaz era orokorrean hitz egiten da usu. Gaitzak sailkatuz, ordea, zein dira gaixotasun larriak? Eta zer-nolako ondorioak izaten dituzte?
Hainbat ezaugarri hartu behar dira aintzakotzat; kronikoak dira eritasun larriak, ezgaitasuna eragiten dute, eta maiz oso gaztetan erasaten diete gaixoei. Psikosiena da eritasun larrien multzorik zabalena, eta 15-25 urteen artean hasten dira, normalean, gaixoak eritzen. Adin hori giltzarri izaten da giza garapenean: normalean, adin tarte horretan joaten gara etxetik, ikasketak egiten ditugu, bikotekideekin harremanak hasten ditugu, eta adiskideekin... Pertsona horiek, aldiz, ezin dute hori guztia egin, eritasuna zama baita. Hori, berez, ez da estigma, baina horrek dakartzan ondorioek dakarte jendeak zerbait okerrarekin lotzea eriak.
Gaixotasun larriak, beraz, psikotikoak dira. Zein nahasmendu klase daude multzo horretan?
Eskizofrenia hor barruan dago, eta nahasmendu bipolarra ere bai. Azken horretan, bolada oso depresiboak eta euforikoak izaten dituzte gaixoek: bietakoak tartekatzen dira. Gaitz horrek ekar dezake eriek zenbaitetan gizartean arrakasta izatea; izan ere, gogoz sendo daudenean gauza asko egitera jotzen dute, erlazio asko izatera. Eskizofrenia batean, aldiz, askoz ere zailagoa da hori.
Hala eta guztiz ere, gaixotasun larriak dira biak ere. Tratatu beharrekoak, eta kronikoak, ezta?
Bai. Eta gero badira zenbait eritasun ez direnak, berez, larriak, baina larriak bilaka daitezkeenak. Larritasuna ezaugarritzen duena da zenbateraino eragozten duen eriaren eguneroko bizimodua. Multzo horretan leudeke, esaterako, nahasmendu obsesibo-konpultsiboak. Pertsona zenbait ondo bizi daitezke, esaterako, egunean aldi pila batean eskuak garbitzen, edo etxeko argiak itzali dituzten ez dakit zenbat aldiz begiratzen... Baina gauza horiek goienera eramaten badira, eragozle dira ohiko bizimodurako.
Botikak hobetu dira, baina nahigabeko ondorioak agerikoak dira oraindik. Zaila da eri larrientzat gizarteak ezarririko bizi-irizpide nagusiei atxikitzea...
Gizentasuna da egun nahigabeko ondorioetako bat. Bazoaz kalean,eta gizen samar dagoen norbait ikusten duzu, mugimenduetan geldoa, eta begirada ez oso biziarekin... Irudi bat da: inguruan dabilen beste edonorenaren ezberdina. Buruko eritasunak dituzten pertsona horiekiko zer jokaera dugun: hortxe dago estigma. Baina garrantzitsua da gogoan hartzea nolabaiteko zorra dugula pertsona horiekiko; ia bizitzen ere hasi aurretik eritu ziren, eta bizi osorako izaten dira gaixotasun larriak. Ez badituzte egiten hainbat gauza, ez da alferrak direlako, edo ez dutelako nahi; gaixotasunaren ondorioa dira jokabide horiek.
Zein nahasmendu mota gehiago bihur daitezke eritasun larri?
Depresio ertainen eskala guztia hor dago, izuarekin eta hersturarekin lotutako nahasmendu zenbait, eta nortasunaren hainbat nahasmendu. Azken finean, buruko gaixotasunik gehienak dira arin edo ertainak, eta horietako zenbait bihur daitezke larriak.
Baina ez da usu arinkeriaz hitz egiten depresio eta antzekoez?
Bai, esaterako, triste egotea, besterik gabe, ez da depresioa. Maiz gizartean hedatu da, ordea, triste egotea eta depresioa izatea gauza bera direla. Baina depresio bat diagnostikatzeko hainbat aldagai ezinbestean bete behar dira. Esaterako, ikusi behar da zenbat denbora daraman triste pertsona horrek, eta zer ezgaitasun eragiten dion gaixotasunak. Depresio larria duen pertsona bat, esate baterako, ez da izango lehen egiten zuen ezer ere egiteko gai: ezertxok ere ez dio gozamenik eragingo. Zenbaitetan, gainera, eldarnioak izaten dira: errealitatearen interpretazio okerrak.
Noiz hasi behar da pentsatzen tristezia edo estutasun egoera bat eritasun izan daitekeela?
Normala denaren eta patologikoa denaren artean bereizi behar da. Estutasuna, esaterako, zenbateraino da normala? Gutako bakoitzari neurri ezberdin bateraino egingo zaigu jasangarria, baina bat etor gaitezke estutasun hori lagungarria izan daitekeela guretzat aurrera egiteko balio digun neurrian; aldiz, justu kontrako eragina duenean eritasun bihurtzen hasten da. Bizitzak dakartzan aldaketen aurrean sortzen diren tristezia eta estutasun kasuek, esaterako, ez lukete buruko osasuneko sarera iritsi behar. Konponbidea izan behar lukete familia giroan, adiskide artean, familia medikuarekin edo erizainen batekin artatuta. Eta, hain zuzen ere, normalean kasu horiek guztiak lehen arretan tratatzen dira, eta bolada batean desagertu egiten dira. Izan ere, ez zen gaixotasun bat; egoera berri batera egokitzeko prozesu bat zen. Gizarte ereduaren aldaketa bat ere bada horren guztiaren atzean: frustrazioaren aurrean tolerantzia urriagoa dago egun, eta berehala horrelako egoerak konpontzeko eskakizuna. Guk, hein batean, horri ere erantzuten diogu. Eta horren inguruko kezka maiz izan dugu. Baina bereizi behar dira eritasun larriak eta noizbehinkako nahasmenduak; akaso azken horiek arintzen ere lagun dezakegu, egia da hori; gure lana izan daiteke, edo lehen arretako osasun sistemarena. Aldiz, gaixotasun larriak buruko osasun sistemak artatu behar ditu beti; ezinbestean tratatu behar dira.
Nahasmendu arinenekin ere ez da usuegi jotzen botiketara?
Argi dago: medikatu behar ez liratekeen gauzak medikatzera iritsi gara. Horrek ez du esan nahi egitea gaizki etorri denik; pertsona batentzat, gaizki badago, zenbait aldaketa egitea zail izan daiteke, eta botika bat lagungarria izan daiteke. Arazoa da, maiz, behin botika jarrita zaila dela kentzea. Gakoa da garaiz erretiratzen asmatzea. Lo egiteko botikak-eta, adibidez, bolada laburretarako jarri beharko lirateke.
Oso garrantzitsua da gaixo larriek eritasuna onartzea, ezta?
Hain justu, gure lehenbiziko lana, kasu berrietan, izaten da eriari sinetsaraztea gaixotasun bat duela. Gainerakoan nola tratatuko dira? Behin onartzen dutenean, eboluzioa hobea izaten da. Garai batean gai hauei buruz ez zen hitz ere egiten; etxean gordetzen ziren, baserrian. Ondorioz, kasuek, erietxe batera heltzen zirenerako, hainbat urteko eboluzioa izaten zuten. Askotan, gainera, lehen ospitaleratzeen ondoren ere, ezkutatzera jotzen zen; ondorioz, sarri 35-40 urte izaten zituzten eriek kontzientzia hartzerako. Egun, hori saihesten saiatzen gara; gaitzaren kontzientzia lantzen hasten gara, eta, kasurik onenetan, 25-30 urterako eriek jakiten dute gaixo daudela, eritasuna nola tratatzen den, eta haien senideek ere bai.
Buruko osasuna. Bazterkeriaren aurka. Alvaro Iruin. Psikiatra
«Buruko gaixotasunak dituztenekiko jarreran: hortxe dago estigma»
Estigmaren itzala usu ikusi du Iruinek. Gainditzeko uste du eririk larrienen bizi-esperientzien berezitasunei erreparatu behar zaiela: gaztetan erituak dira gehienak, ia bizitzen hasi aurretik, eta horren aztarna sakona da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu