'Cabacas auziko' lau ertzainetako hiruk deklaratu dute

Laugarren inputatuak, furgonetako buruak, otsailaren 12an deklaratu beharko du, ez delako astirik izan

Erredakzioa
Bilbo
2014ko otsailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Cabacas auzian inputatuta dauden lau ertzainetako hiruri hartu die deklarazioa Ana Torres epaileak Bilboko epaitegian. Gau hartan pilotak jaurti zituztela onartu duten hiru ertzainek deklaratu dute orain arte, eta gau hartako operazioan parte hartu zuten furgonetetako bateko burua deklaratu gabe gelditu da, ez duelako astirik emon hark esan beharrekoak jasotzeko. Lehen egunean, izan ere, huts informatiko bat zela medio, ertzain bakarrak deklaratu zuen —bigarrena deklaratzen ari zela, huts egin zuen ordenagailuak eta esandako guztia galdu zen—, eta, horren ondorioz, luzatu egin da prozedura. Bi ertzainek deklaratu zuten atzo, eta furgonetako buruak hilaren 12an du hitzordua.

Ateak itxita eta segurtasun neurri handiekin hartu die deklarazioa epaileak ertzainei. Ez dute nahi prentsak haien irudirik hartzea. Eta eragotzi egin nahi dute sartzerakoan inork ezer esatea ere. Segurtasun Sailak haien zerbitzura jarritako abokatu penalista entzutetsu batekin deklaratu dute: Felix Rojorekin —Rodolfo Ares eta Patxi Lopez ere defendatu zituen bere garaian, Batasuna zeneko buruzagiekin biltzeagatik epaitu zituztenean—. Jone Goirizelaiak ordezkatu du Cabacas familia, eta, lehen aldiz, Pilar Jimenez fiskalak ere hartu du parte deklarazioetan —lehen egunean bi galdera egin zituen—. Egun horretan deklaratu zuen ertzainak egin zizkioten galdera guztiei erantzun zien, nahiz eta bazuen aukera ez erantzuteko ere, eta lehen esandakoa berretsi zuen: gau hartako operazioan parte hartu zuela eta gomazko pilotak jaurti zituela.

Jone Goirizelai abokatuak atzo goizean Euskadi irratian ez zuendeklarazio horien berri jakin arte baloraziorik egin nahi izan, baina auzia argi dadin goi kargudunak inputatu beharraz aritu zen, behin eta berriz senideek esan duten bezala.«Bilera bat egin zen egun hartan, gauzak nola egin behar ziren esateko. Grabazioa denok entzun dugu, nolako aginduak eman zituzten irratiz. Aginduak eman eta gero bete zituztela. Erantzukizuna denena ez da berdina».

Fiskalari buruz ere aritu zen Goirizelaia. «Atzo [ostegunean] agertu zen lehen aldiz. Hobe luke gutxiago hitz egin, esaten duena ardura gehiagorekin esan eta lan gehiago egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.