Cabacasen auzian «epaiketa paraleloak» egiten ari direla salatu du Beltran de Herediak

'Gara' egunkariak argitaratu du operazioa 'Ugarteko' gisa agindu zuen ertzainburua Iñaki Larrea dela

Estefania Beltran de Heredia, erdian, Ertzaintzako buruen izenak jakinarazteko agerraldian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
«Epaiketa paraleloekin zer lortu nahi den jakin nahiko nuke», adierazi du Estefania Beltran de Heredia Segurtasunerako sailburuak Iñigo Cabacasen heriotzari buruz kaleratzen ari diren ikerketei buruz; «jakin nahi nuke helburua Ertzaintzari min egitea den, edo Eusko Jaurlaritzari, edo familiari». Radio Euskadi irratian egindako elkarrizketa batean esan ditu hitz horiek Segurtasunerako sailburuak, Cabacasi heriotza eragin zion operazioaren bi arduradunen izenak Gara-k kaleratu dituen egun berean. Egunkariak kaleratutako informazioa ez du ez baieztatu ez ukatu.

Gara-k «dokumentazio ofizialak» aipatuta argitaratu duenaren arabera, Cabacas hil zen Maria Diaz de Haro kalexkan «guztiarekin sartzeko» agindu zuen ertzainburua Iñaki Larrea Arrutia da; diligentzietan 3.316 zenbaki profesionalarekin agertzen dena, eta Ugarteko ezizenarekin ertzainei erasoaldira igarotzeko agindu ziena. Bilboko Deustuko polizia etxetik jardun zuen, eta irrati bidez agindu zuen erasoa. Agindua grabatuta geratu zen, Gara egunkariak argitara eman zuen, eta orduan ezagutu zen Ugarteko-ren jarduna. Cabacasen familiaren abokatuen ustez, agindu hark lotura zuzena izan zuen gaztearen heriotzarekin, eta Ugarteko inputatzeko eskatu du, hargatik, behin eta berriz.

Raul Alberto Otaola ere bai

Beste izen bat ere eman du egunkariak: operatiboan komisario nagusi gisa aritu zen, eta diligentzietan 3.325 zenbaki profesionalarekin agertzen da. Gara-ren informazioen arabera, Raul Alberto Otaola ertzainburua da hori. Cabacas hil zuen operazioa kale bertatik ikusi zuen, kaleko jantzita.

Informazio horien arabera, Bilboko ertzainburuaren «bigarrena» zen Otaola. Bilboko ertzainburua Jorge Aldekoa zen, Segurtasunerako sailburuak Ertzaintza osoaren buru izendatu berri duena.

Cabacasi heriotza ekarri zion operazioaren arduradun nagusietako bat izan zela eta, zeresana eman du Aldekoaren izendapen berriak, eta auziaren inguruko azalpenak Eusko Legebiltzarrean eman ditzala eskatu dio EH Bilduk. Eskaera horretan «min emateko nahia» ikusi du Beltran de Herediak, eta ertzainburuaren «profesionaltasuna, esperientzia eta ezagutza handia» goratu ditu. Ertzaintzaren buru izateko pertsonarik egokiena dela defendatu du berriz.

Cabacasen heriotzari dagokion erantzukizunik ez duela iradoki ere egin du, nolabait, epaileak ez duela inputatu argudiatuta; «ez dute deklaratzera deitu ere egin, ezta lekuko gisa ere, ez auzia daraman epaileak, ez fiskalak, ez akusazio partikularrak». Auzia epaitegiak argitu beharko duela adierazi du, eta, beraz, haren esku utzi behar direla gaiari buruzko adierazpen eta neurri guztiak.

Bestalde, Juan Kalparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskal nagusiak salatu du Cabacas hil zuten materialek ez zutela beharrezko mantentze eta ikusketarik.El Mundo egunkariak kaleratu duen informazioaren arabera, erasoaldi hartan Ertzaintzak erabili zituen eskopeta eta materialak 1995. urtetik berrikusi gabe zeuden. «Halakoen berrikusketa eta mantenua deskuidatu ezin den alorra da», esan du fiskalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.