Cabacasen familiak helegitea jarri du 'Ugarteko' ez dutelako inputatu

Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen operazioa agindu zuen ertzainburua ez inputatzea onartezina dela dio GoirizelaiakLau ertzaini kargu hartzea aurrerapausotzat du: «Bide onean doa, baina labur geratu da»

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko azaroaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da arrazoi bakarra, baina bai argiena: Iñigo Cabacasi heriotza ekarri zion operazioa agindu zuen ertzainburua ez du inputatu epaileak, eta hori onartezina da. Argi dute Cabacasen senideek eta abokatuek. Ardurak kitatu nahi badira, ertzainei jokatu zuten moduan jokatzeko agindu zien pertsona inputatu behar da lehenengo inputatu behar dena. BilbokoInstrukzio 10. Epaitegiak aurreko astean kaleratu zuen autoan lau ertzain inputatu zituen, baina ez Ugarteko ezizenez aritu zen ertzainburua. Helegitea aurkeztu dute abokatuek, besteak beste, horregatik.

Jone Goirizelaia eta Irma Orozko abokatuek eta Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu Iñigo Cabacasen gurasoek agerraldia egin dute, jaso duten ezustea azaltzeko. Auzian akusazio gisa ari diren abokatuek beste hainbat pertsona inputatzeko ere eskatua zutela gogoratu du Goirizelaiak. Epaileak horiek guztiak onartu behar lituzkeela uste du. «Baina bat oinarrizkoa da, funtsezkoa, eta ez dugu ulertzen epaileak esatea ez duela garrantzia penalik». Ugarteko-ri buruz ari da. Diligentzietan 3.316 zenbaki profesionalarekin agertzen den ertzainburuari buruz. «Norbaiten ardura argia bada eta legearen arabera norbait ikertu eta inputatu behar bada, hori kalexkan sartzeko agindua eman zuen pertsona da», dio. «Zuten guztiarekin sartzeko agindu zuen. Eta guztiarekin sartzeko agintzean, besteak beste, eskopeta eta pilota jaurtigailuekin sartzeko agintzen ari zen. Eskopeta horiekin jaurti zen Iñigo Cabacas hil zuen gomazko pilota. Beraz, hori penalki nabarmentzekoa da. Ez balego agindurik, ertzainak ez lirateke kale horretan sartuko. Sartuko ez balira, ez lukete tiro egingo. Eta ez balute tiro egingo, ez lukete Iñigo hilko».

Eztabaidaezina da lotura Goirizelaiaren ustez; ezin argiagoa. Eta Ugarteko-k agindu hori eman zueneko grabazioa diligentzietan jasoa dagoela ohartarazi du. Argudioan sakondu du Cabacasen aitak, gertatzen ari dena sinistu ezinik: «Pentsatzekoa da nor epaitu aukeratzerakoan lehenik agindua eman zuena akusatzea. Gainera, bertan egon gabe eta gertatzen ari zena ikusi gabe eman zuen agindua, ez zela ezer gertatzen ari esaten ari zitzaien arren. Nola eman daiteke agindu hori horrela? Hala ere, ez dute oraindik inputatu». Horrek tristatu egin dituela adierazi du.

Bide onean egindako pausoa

Hala ere, «poz pixka bat» ere eman die aurreko ostiralean jaso zuten autoak. «Hau mugitzen hasi delako» sentitu dute poza gurasoek, orain arteko geldotasunak oraindik ere «triste» dauzkan rren.

Gabeziak gabezia, epailearen azken erabakia «aurrerapausoa» dela dio Goirizelaiak ere. «Nahiz eta pausoa txikia izan, bide onean egindakoa da. Inputazioak ikusten hasi gara, eta deklarazioak etorriko dira horren ondotik». Baina epailea «labur» geratu dela adierazi du behin eta berriz; «oso labur» geratu dela, «ez duelako kontuan izan gertatutakoa».

Atzo aurkeztu zuten abokatuek helegitea, eta datorren hilerako erantzunen bat izatea espero dute. Ugarteko inputatzeko eskaeran indar berezia egin dute, baina beste hainbat ere inputatzea galdegin dute: Besteak beste, Cabacas hil zuten gertaerak izan zirenean Ertzaintzaren zuzendari zen Jose Antonio Varela, eta Miguel Buen Herrizaingo sailburuorde zena. Operazioa diseinatzeko bileran biak egon zirela argudiatu du Goirizelaiak inputazio horiek eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.