'Cabieces auzian' ez zuela parte hartu esan du lehendakariak

edurne begiristain
Gasteiz
2015eko otsailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kutxabank auziak eta, zehazki, harekin zerikusia duen Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn izandako ordezkariarekin lotutako aferaren polemika legebiltzarrera iritsi zen atzo. Oposizioko taldeek argibideak eskatu zizkioten Iñigo Urkullu lehendakariari gaiaren inguruan: zehazki, EH Bilduk, PPk eta UPDk galdegin zituzten azalpenak hainbat galderatan.

Erantzunen txandan, lehendakariak ziurtatu zuen 2008-2012 artean, PSE-PP ituna indarrean zenean, berak ez zuela zerikusirik izan ustez Cabiecesi lanpostu bat ematearekin. «Argi eta garbi esan nahi dut ez nuela parte hartu erabaki hartan». Urkulluren ustez, «hutsegitea» izan zen erabaki hura. Nolanahi ere, lehendakariak nabarmendu zuen Kutxabanken barne kontrolak «funtzionatu» egin duela, eta entitateak Eusko Jaurlaritzaren «errespetua» merezi duela. Horiek hala, hitzeman zuen bere gobernuak «zuhurtziaz eta arduraz» jokatuko duela Kutxabanken «izen ona» babesteko.

«Idatzi gabeko arauak» egon izana salatu zuen Anton Danborenea PPkoak, baina berak horien berri ez duela inoiz izan azpimarratu zuen. Gorka Maneiro UPDkoaren ustez, «sinesgaitza» da auziaren inguruan Urkulluk ezer ez jakitea: «Nola da posible EAJko presidente zinenean gertatzen zenaren berri ez izatea?», galdetu zion. Haren arabera, gertatutakoak agerian uzten du azken urteetan alderdi nagusiek izan duten «ohiko jarduera».

EH Bildutik Oskar Matutek ulertezin iritzi zion EAJk ikerketa batzordeari ezetz esateari, uste duelako ona litzatekeela legebiltzarrak argitzea zeinek erabili dituen «estatu arrazoiak» eta «idatzi gabeko legeak».

Auzia argitze aldera, koalizio abertzaleak ikerketa batzordea eratzeko sinadura bilketa abiatu du Change.org plataformaren bidez. Gainera, BBK eta Kutxabanken ikuskaritza eskatzeko ekinbideak aurkeztuko ditu Bizkaiko Diputazioan eta Bilboko Udalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.