NAFARROAKO KUTXA

'CAN auziaren' inguruko ikerketa batzorde bat sortzea baztertu du Nafarroako Parlamentuak

Bilduk, Aralar-NaBaik, Ezkerrak, PPNk eta Geroa Baik egin dute batzordea sortzearen alde; UPNk eta PSNk, aldiz, kontra.

2013ko ekainaren 14a
16:38
Entzun

Nafarroako Parlamentuak baztertu egin du Nafarroako Kutxako dieten auzia argitzeko ikerketa batzorde bat osatzeko aukera. Hala egiteko proposamen bat aurkeztu dute Bilduk, Aralar-NaBaik, Ezkerrak, eta Geroa Baik, eta haien aldeko botoei batu zaizkie PPNkoak. Batzordea, ordea, ez da sortuko, UPNk eta PSNk kontra eginda.

Maiorga Ramirez Bilduko Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak esan du "Nafarroari egia zor zaiolako" aurkeztu dutela mozioa, eta galdetu du zer gertatu behar den Nafarroako Kutxaren inguruko ikerketa batzorde bat osatzeko.

Aralar-NaBaiko bozeramaile Txentxo Jimenezek, berriz, esan du "egiazko arazoa Nafarroako Kutxa bezalako entitate bat galdu eta dirutza desagertu izana" dela. Ikerketa batzordea "gizartearekiko erantzukizun bat" da, Jimenezen hitzetan.

PPNko parlamentari Ana Beltranek adierazi duenez, "jakin beharra dago Nafarroako Kutxarekin zer gertatu den", eta gaineratu du parlamentua ezin dela geratu ardura politikoak eskatu gabe.

UPN eta PSN, kontra

UPNko bozeramaile Carlos Garcia Adaneroren arabera, ikerketa batzordeetan "ondorio batzuk onartzen dira eta epaitegietara bidaltzen dira, baina gai hau Auzitegi Nazionalean nahi Iruñeko epaitegietan dago jada".

PSNko parlamentari Juan Jose Lizarbek iragarri du PSNk Nafarroako Kutxari buruzko txosten bat egiteko eskatuko diola Nafarroako Kontu Ganberari. Halaber, nabarmendu du auzia epaitegietan ikertzen ari direla: "Auzi hori zabalik da eta amaituko da amaituko den lekuan, zorionez epaileak onak direlako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.