“Arriskua bada. Egoera kritikoa da, eta Zangoza husteko eskatzea justifikatuta dago. Egia erran, Esako urtegia hustu beharko lukete, poliki, eta, bitartean, zangozarrak herritik atera”. Orain arte bezain garbi mintzatu da Antonio Casas. Zaragozako irakasle eta geologoa Iruñean da gaur. Hitzaldia emanen du 19:00etan, Gurutzeko plazako institutuetan, Esako (Nafarroa) urtegian gertatzen ari denari buruz. Casasi egindako elkarrizketa argitaratuko du BERRIAk bihar.
Casasek gogoratu du otsaileko krisian ia 20 zentimetro mugitu zela Esako urtegiko eskuineko hegala. Ondorioz, Esa herriko bi urbanizazio hustu zituzten. Herritarrak ezin izan dira etxera itzuli. Gainera, urtegiko presa hamalau milimetro inguru altxatu zen. “Horrek erran nahi du irristatzea uste baino sakonagoa dela, ziurrenik”.
Presa mugitu izana larritzat jo du geologoak. “Egungo urtegia ez da duela urtebete zena. Hutsetik hasi beharko lituzkete orain erabiltzen dituzten txosten guztiak, egungo urtegia ezin baita duela urtebetekoa bezala kudeatu”. Segurtasun faktoreak ez direla onargarriak erantsi du, eta ohartarazi du datozen hilabeteak izanen direla arriskutsuenak. “Urtegia hustuko dute ekaina eta iraila bitartean, eta magalari eusten dion uraren presioa gabe, lurrak behera egiteko arriskuak gora eginen du. Bihar gerta daiteke, hamar urte barru, edo inoiz ez, baina arriskua bada”.