Castejongo zentraletako bat ixteko eskatu dute, epaileak baimena baliogabetu baitu

Iberdrolak Pasaian daukan zentralaren aurka Greenpeacek jarritako salaketa ez du onartu auzitegiak

Termiko Gehiagorik Ez plataformako kideak, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / ARP.
Iruñea
2011ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Elerebro enpresak Castejonen (Nafarroa) duen zentral termikoa handitzearen aurkako hirugarren helegitea irabazi du Termiko Gehiagorik Ez plataformak. Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behar utzi du Espainiako Industria Ministerioak enpresari emandako baimena. Ondorioz, Elebero baimenik gabe geratu da. Zentrala ixteko eskatu du termikoen aurkako taldeak.

«Elerebroko zentralak ezkutuko jarduerak egiten ditu, ez baititu lanean jarraitzeko baimenak eta lizentziak». Daniel Maeztu Termiko Gehiagorik Ez plataformako abokatuak hitz egin du elkarteak Madrilgo Auzitegi Nagusian irabazitako hirugarren sententziari buruz: «Espainiako Industria Ministerioak egindako ingurumen eraginaren gaineko txostena baliogabetu du Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak». Hortaz, lizentziarik gabe dagoenez, enpresa «behin-behinean gelditzeko» eskatu du Maeztuk.

Elerebroko zentrala herritik 2.000 metro baino hurbilago dagoela esan du Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak. «Sententziak dio oso kutsakorra eta ingurumenarentzako eta pertsonentzako arriskutsua dela». Zentrala babestutako gune baten ondoan dagoela gaineratu du Maeztuk.

Jesus Mari Tomas plataformako kideak eskatu du ixteko zentral termikoak: «Kontrako hiru sententzia ditugu eskuen artean, zenbat gehiago behar ditugu?». Sententzia «bakar bat» jarduera geldiarazteko argudio nahikoa dela gaineratu du.

Eduardo Santosek, plataformako abokatuak, salatu du Nafarroako Gobernuak «nahi bezala» mugitzen dituela legeak. «Ingurumen eraginaren gaineko txostena ez bada aldekoa, legea aldatzen dute aldekoa izateko». Azken ebazpenarekin legea ezin izango dutela aldatu esan du.

Nafarroako parlamentariek Castejongo zentralari buruz hitz egin dute. Carlos Garcia UPNko legebiltzarkideak azaldu du baimena aurreko arauekin eman zela. Patxi Zabaleta NaBaiko legebiltzarkideak esan du «albiste ona» dela sententzia, eta Samuel Caro PSNko legebiltzarkideak adierazi du ingurumen arauak betetzen ari direla.

Paisaiako zentrala

Paisaiako Iberdrolaren zentralaren aurka Greenpeacek jarritako helegitea ez du onartu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Zentralak Ingurumen txostena ez izateagatik jarri zuen salaketa talde ekologistak, baina auzitegiak ez du onartu. Helegitea jarriko duela iragarri du Greenpeacek, zentrala legez kanpo egin zutelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.