Duela ez asko, Argentinan izan zen Castro Mercosurko goi bileran. Antza denez, “ahalegin itzela” egin zuen bidaia hartan. Gainera, Habanara itzultzean Moncadako kuartelaren aurkako erasoaren 53. urteurreneko ospakizunetan ere hartu zuen parte. Valenciagak, Kubako telebistan irakurri duen oharraren arabera ahalegin horiek eragin dute Castroren hesteetako krisia. Ebakuntzak, dio adierazpenak, “behartu egiten nau hainbat astetan atseden hartu eta nire betebehar eta karguetatik hurrun mantentzera”.
Kubako iraultzaren historian, lehen aldiz, Fidel Castrok behin behinean beste pertsona baten esku utzi ditu bere egitekoak. Hau da, Kubako Alderdi Komunistaren buruzagitza, Estatu Kontseiluko presidente kargua eta Indar Armatuetako komandante kargua. Kubako Konstituzioaren arabera legezko oinordekoa den bere anaia Raul Castrok beteko ditu Fidel Castro bera osatu arte kargu horiek. Kubako presidenteak betetzen dituen gainerako karguak Gobernuko eta Alderdi Komunistako beste hainbat kideren esku geratu dira.
Fidel Castrok 80 urte beteko ditu abuztuaren 13an eta Kubako Gobernuko burua da 1959az geroztik. Fidel Castro da boterean denbora gehien daraman estatuburua.
Kuba