ALTSASUKO AUZIA

Catala ministroak bat egin du fiskalak Altsasukoei egindako zigor eskaerarekin

EAJko diputatu Mikel Legardak galdetuta, fiskalaren eskaera errespetatzen duela adierazi du.

Altsasuko gazteen senideen agerraldia 50 urtetik gorako eskaera fiskala jakin ondoren. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
2017ko uztailaren 12a
11:02
Entzun

Espainiako Justizia Ministro Rafael Catalak adierazi du bat egiten duela Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak Altsasuko zortzi gazteei egindako zigor eskaerarekin. Eta erantsi du errespetatzen duela urriaren 14an gertatutakoa "delitu terroristatzat" jotzea. Zigor Kodeko 573. artikularen arabera, pertsona batzuei ePoliziako kideak izateagatik raso egitea "eraso terroristatzat" jo daitekeela adierazi du.

Hortaz, Catalaren iritziz, delituari kalifikazio hori eman badiote, gertatutakoak hala merezi zuelako izan da. "Zuzenbide estatu batean, instituzioek funtzionatuko dutela pentsatu behar dugu, eta pertsona orok bere buruaren segurtasuna bermatuta edukiko duela", gehitu du: "Ez zen liskar bat izan". Gehiago dena, Catalak kargu hartu dio Legardari fiskaltzaren jarrerari buruz bere iritzia emateko eskatu izanagatik.

Mikel Legarda EAJko diputatuak egin baitu galdera asteazken goizean, Espainiako Diputatuen Kongresuan, parlamentuko galdera baten bidez. Legardak esan du joan den astean fiskaltzak Altsasuko gazteei egindako 375 urteko zigor eskaerak "harrituta" utzi duela Nafarroako gizartea, eta "neurrigabea" iruditzen zaiola.

Auzian akusatuetako batentzat 62 urteko espetxe-zigorra eskatu du fiskalak, beste seirentzat 50 urtekoak, eta beste batentzat, 12koa. Legardak gogorarazi du EAJk gaitzetsi egin zuela gazte haiek Guardia Zibilak erasotzea, baina elkartasuna erakutsi behar zaiela, "erasoa jaso zutenak bezain biktima baitira".

Ostiralean, elkarretaratzea Iruñean

Uztailaren 14an, sanferminetako azken egunean, elkarretaratzea egingo dute Iruñeko Gazteluko plazan, 17:30ean. Altsasuko gurasoek plaza betetzera dei egin dute.

Bestela ere presente egon da auzia sanferminetan. Txupinazoan, adibidez, pankarta handi bat jarri zuten Udaletxe plazan, Altsasuko gazteen alde. Bestela, Espainiako Poliziak hiru gazte altsasuar identifikatu zituen igandean, Altsasukoak aske zioten elastikoak eramateagatik soinean. 600 euroko isuna jartzeko mehatxua jaso zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.