frantziako gobernua

Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroak dimisioa eman du

Jean-Jacques Urvoas Frantziako Asanbleako Legeen Batzordeko presidentea izendatu dute haren ordezko. Erreforma konstituzionalaren inguruan publikoki desadostasunak azaldu ostean eman du dimisioa.

Christiane Taubira, hilaren 4an. ETIENNE LAURENT / EFE
2016ko urtarrilaren 27a
07:14
Entzun

Twitterren Taubirak berak adierazi duenez, "batzuetan erresistentzia joatea da". Erreforma konstituzionalaren inguruan publikoki desadostasunak azaldu ditu, eta horregatik aurkeztu dio dimisioa François Hollande Frantziako presidenteari, Eliseoak zabaldu duenez. Beste gauza batzuen artean, "terroristei" Frantziako herritartasuna kentzearen kontra dagoelako eman du dimisioa. Onartu egin du Hollandek, eta eginiko lanagatik eskerrak eman dizkio.

Justizia ministroa euskal presoak "kasuz kasu eta arrazoi humanitarioengatik" hurbiltzearen alde agertu zen iazko udan, Frantziako Justizia Ministerioa eta "presoekiko elkartasunez lanean ari diren elkarteetako zenbait ordezkari" uztailaren 8an elkartu eta gero.

Ordukoa ez zen izan Taubirak euskal presoen eskubideen aldeko jarrera erakusten zuen lehenbiziko aldia. 2013an, hain zuzen, esan zuen eri dauden presoek senideen ondoan hil beharko luketela.

2012ko maiatzetik zen Frantziako Justizia ministro, eta hiru urte eta erdian, Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berresten saiatu zen. Ez zuen lortu, ordea. Halaber, haren agintaldian onartu zuen Frantziako Asanblea Nazionalak gay eta lesbianen ezkontzak baimentzeko arauaren puntu nagusia, 2013ko otsailean. Ezkontzeko aukerarekin, haurrak adopzioan hartzeko modua dute homosexualek.

Urvoas, bretoia, 2012az geroztik zen Frantziako Asanbleako Legeen Batzordeko presidente. Hark ere Euroituna berresteko eskatu zion Hollanderi, gutun baten bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.