«Kasurik gehienak ez dira salatzen». EAEko ararteko Iñigo Lamarcak ciberbullying kasu gehienak itzalean geratzen direla ohartarazi zuen atzo, Haurren eta Nerabeen Bulegoaren aurkezpenean. Orain urtebete abiatu zuen bere jarduna erakunde horrek, Eusko Jaurlaritzak bere ardurapean ari zen Adingabeen Defentsoriaren ibilbidea eten eta gero. Atzo, bulegoko zuzendari Elena Aiartzak eman zuen erakundearen jardunaren berri, Lamarcaren ondoan.
Iñigo Lamarcaren arabera, oro har haur eta nerabeekin lotuta jasotzen dituen kexurik gehienak eskolaratzearekin lotuta daude; eskolaren hautuarekin edo bekekin, hain justu. Gizartearen sektorerik ahulenetan aurkitzen diren adingabeen berri ere izaten dute sarri: elbarritasunak dituzten neska-mutilak, gurasorik gabe etorritako gaztetxo etorkinak eta gutxiengo etnikotako umeak izaten dira kezken beste iturri ohikoa. Internet bidezko eskola jazarpen edo ciberbullying kasuei dagokienez, 3-4 kasuren berriizan zuten lehengo urtean, baina benetako kasuak askoz ere ugariago diren susmoa dute. Horregatik egin nahi izan dute ohartarazpen berezia gai horren inguruan.
Arazoarekin kezkatuta, guraso zein hezitzaileek gai horren gaineko informazioa behar dutela ohartarazi dute Arartekoko ordezkariek. Gurasoek ere teknologia berrien gainean ezagutza egokia izatea ezinbestekoa dela gogorarazi dute. Eskolak ere gai horretan zeresan handia izan dezakeela eta, Haurren eta Nerabeen Bulegoakprebentzio gida bat helarazi nahi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe guztietara. Lehendik ere zabaldu zuten, eta orain berriro bidaltzea da asmoa. Eskola jazarpenaren kontra lan egiteko tresna bakarra ez da gida hori; Arartekoaren webgunean jolas bat ere jarri dute, propio umeei zuzendua. Eskubideen uhartea jarri diote izena jolasari, eta 6-12 urte arteko neska-mutilentzako pentsatua dago, beren eskubideen berri izan dezaten. Marrazkiak Francesco Tonucci ilustratzaileak egin ditu. Aski artista ezaguna da; haur eta gazteen eskubideen gainean aparteko konpromisoa erakutsi du beti.
Haur eta nerabeen eskubideen alorrean aurrera egiteko asmoz, beste hainbat ekimen ere martxan dituztela gogorarazi du Lamarcak. Hiru hilabetean behin, esaterako, 13-14 urteko gaztetxoak elkartzen dira Lamarcarekin, Haur eta Nerabeen Kontseiluko kideak. Haien kezkak aditzen ditu arartekoak, haien alde gida gisara hartu behar diren irizpideen berri izateko asmoz.
Aurten, adingabeen eskubideen aldeko urrats berezi gisara, egoera zaurgarrienetan dauden neska-mutilei buruzko aparteko txostena plazaratuko du Iñigo Lamarcak. Lanerako irizpide berriak ezartzeko giltza izango da.
'Ciberbullying' kasu gehienak itzalean geratzen dira
EAEko Arartekoak, Haur eta Nerabeen Bulegoa aurkeztearekin batera, arazoaren larritasunaz abisatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu