CIMADE elkarteak atxikitze zentroetan dituen eginkizunak, eskualdatzeko arriskuan

Lege proposamen bat Senaturako bidean dago, eta eginkizunak Frantziako Immigrazio eta Integrazio Bulegoarenak bilakatuko lirateke. Jendeak luzeago atxikitzeko lege bat ere aitzina doa.

CIMADEren prentsaurrekoa, iaz, Hendaian. GUILLAUME FAUVEAU
CIMADEren prentsaurrekoa, iaz, Hendaian. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko apirilaren 29a
17:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Ipar Euskal Herriko CIMADE elkarteak Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroaren iazko urteko bilana aurkeztu du. Zenbakiak eman ondotik, bidean diren bi lege proposamen aipatu dituzte: lehenak atxikitze zentroetan iragan daitekeen egunen gehienezko kopurua emendatzea du helburu, 90 egunetik 210 egunera iragatekoa, alegia; bigarrenak elkarteen atxikitze zentroetako eginkizunak Frantziako Immigrazio eta Integrazio Bulegoaren esku uzteko xedea du; bulego hori Frantziako Gobernuari lotua da. «Konkretuki, erran nahi du heldu den urtean balitekeela ez garela hemen bilduko 2025eko bilanaren egiteko», salatu du Maite Etxeberri CIMADEko langileak.

CIMADE elkarteak Frantziako zazpi atxikitze zentrotan egiten du lan, eta Ipar Euskal Herriko batean, Hendaiakoan, hain zuzen ere. Atxiloketa zentroetan egoten dira «Frantziatik berehala irten ezin diren atzerritarrak». Bertan preso diren pertsonei beren eskubideak baliatzen laguntzen die CIMADEk.

Oraingoan beldur dira zentro horien eginkizunak oraino zenbat denboraz betetzen ahalko ote dituzten. Jakinarazi dutenaz, lege proposamen bat Senaturako bidean dago: maiatzean aztertuko dute nola utz dezaketen elkarteek atxikitze zentroetan egiten duten lana Frantziako Immigrazio eta Integrazio Bulegoaren esku. Horrekiko lehen beldurra da, noski, atxikitze zentroetako eginkizunak Frantziako Barne Ministerioaren esku geratzea; baina, horrez gain, eginkizun horiek murrizteko xedea ere zehaztua da lege proposamenean. Errepublikanoek aitzina eraman dute.

«Konkretuki, erran nahi du heldu den urtean balitekeela ez garela hemen bilduko 2025eko bilanaren egiteko»

MAITE ETXEBERRI CIMADEko langilea

40 urtez egunak gora

Bigarren lege bat ere bidean da, baina Senatuaren urratsa jadanik pasa du honek, eta parlamentura iritsiko da laster: atxikitze zentroetan iragan daitekeen egun kopuru maximoa emendatzea helburu du. Martxoaren 18an, Senatuak lehen irakurraldian onartu zuen lege proiektua, pertsonen atxiloketak luzatzea errazteko arau hauste bereziki larrien eta delitu errepikatuen kasuan. CIMADEkoen ustez, baina, legeak inola ere ez die lagunduko atxikitze zentroetako abiatzeen kopuruak emendatzeak: «Atxikitze baldintzak txartuko ditu, hori bai». Kasu honetan ere, Errepublikanoek aitzina eramandako lege proposamena da.

Xeheki begiratu daiteke nola emendatu den atxikitze egunen gehienezko kopurua urteetan: 1975ean, atxikitze zentroak sortu zirelarik, zazpi egun ziren gehienez ere; 1998an hamabi egun, 2003an 32, 2011n 45, 2018az geroz 90 egun dira, eta lege proposamenarekin 210 egunetara pasatzeko asmoa dute.

Prentsaurrekoan zehaztu duten bezala, atxikitze zentroek 40 urte betetzen dituzte aurten: «Gu, kontraerrankorra badirudi ere, atxikitze zentro guztiak hestearen alde gara». Anartean, zutik dira, eta 40.000 pertsona preso atxiki dituzte 2024an. Hendaiako zentroaren kasuan 313 pertsona atxiki dituzte iaz, 31 egunez, batez beste.

Kanporatze geroz eta gehiago

Iaz Hendaian atxiki dituzten 313 pertsonetatik %38,4 aljeriarrak ziren. Kontua da Frantziaren eta Aljeriaren arteko harreman diplomatikoak erabat korapilatsuak direla azken hilabetean: egoera dena dela, atxikitze zentroan preso dituzten aljeriarrak «ezin dituzte berriz bidali»; egoera salatu du CIMADEk, ondorioztatzen baitu pertsona horiek luze egotea zentroetan, persbektibarik gabe. Aljeriarren ondotik ehunekoetan gorenak marokoarrak, tunisiarrak eta ginearrak dira.

Atxikitze zentroetan egoten direnen artean, parte handi bat kanporatua da jatorrizko herrialdeetara. Frantzian, iaz, atxiki zituztenen %39 kanporatu zituzten; Hendaiako zentroaren kasuan, berriz, %36. Halere, zehaztekoa da horietarik gehienak libre geratzen direla: %56,9 Hendaiaren kasuan.

Kanporatzen dituztenak beren jatorrizko herrialdera bidaltzen dituztela entzuten da maiz. Ordea, CIMADEkoek argi utzi nahi izan dute gehienek herrialde horiek kasik ez dituztela ezagutu: «Batzuk Frantzian sartu ziren 8 urte zituztela, 3 urte zituztela...». Eta egoera ez da hobetu, txartu baizik, iazko urtarrilean Frantziako asilo eta immigrazio legea indarrean sartu zenetik. Lege horrekin, ordu arte kontuan hartzen ziren babes kategoriak kendu zituzten: izan ere, osasun arazoak edo familia loturak ez dituzte gehiago kontuan hartzen. «Hendaiako kasuan legearen ondorioak irailetik goiti sentitu ditugu, bereziki: zentroak atxiki dituen 313 pertsonen artean, seiren bikotekideek bazuten Frantziako nazionalitatea, hamaikaren seme-alabek, hogeiren senide hurbilek... Eta batzuk kanporatu dituzte».

Nahiz etorkizunerako kezkaturik, CIMADEkoek azpimarratu nahi izan dute aitzina eraman dutela «errefuxiatu eta migratzaileen duintasuna eta eskubideak defendatzeko» konpromisoa, «jatorria edozein dela ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.