EH Bilduk irabaziko duela iragarri du CISek bere azken zundaketan

Ikerketa zentro horren arabera, EH Bilduk botoen %34,2-35,1 eskuratuko lituzke, eta EAJk %32,6-33,5.

Otxandiano eta Rodriguez, herenegun, Andoainen egindako ekitaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Otxandiano eta Rodriguez, herenegun, Andoainen egindako ekitaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko apirilaren 10a
15:05
Entzun

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begirako zundaketa batean lehen aldiz, CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak iragarri du EH Bilduk irabaziko duela. Hura da, Aztikerrek egin eta Naiz-ek argitaratutakoarekin batera, koalizio subiranista EAJren gainetik jarri duena; bai behintzat, boto kopuruari dagokionez. Gainera, oraingo honetan, CISek nabarmen moldatu du bere azken iragarpena.

CISen azterketaren arabera, EH Bilduk botoen %34,2 eta %35,1 artean eskuratuko lituzke apirilaren 21ean; azken zundaketan baino puntu bat edo bi gehiago dira. Kontrara, EAJren beherakada bat iragarri du: egun, botoen %32,6 eta %33,5 artean eskuratu ditzakeela uste du ikerketa zentro hark; azken zundaketan, %36,1 eman zizkion. Ikerketa batetik bestera, bi asteko epea besterik ez dago. Eta tartean argitaratu diren gainerakoek —Aztikerrena da salbuespena— EAJren garaipen bat iragarri dute, aldea estua bada ere.

Oraingoan, baina, ez du eserleku kopuruaren inguruko estimaziorik egin. Hor bai, izan dira EH Bilduren garaipena iragarri dutenak aurrez ere, baina CIS ez da horietako bat. Azken zundaketan, 30-31 eserleku eman zizkion EAJri —beste inork baino gehiago—, eta 28-29 EH Bilduri. Gainerakoek, berriz, 27-29 eserleku artean eman dizkiete biei.

Bi alderdi abertzaleetatik urrun daude gainerako guztiak. PSE-EEri botoen %13,3 eta %14,1 artean eman dizkio CISek, duela aste pare bat baino dezima batzuk gehiago. PPri, berriz, %6,7 eta %7 artean; azken zundaketan baino ia puntu bat gutxiago.

Eusko Legebiltzarrean sartzea helburu duten gainerakoak, berriz, ez daude elkarrengandik aldenduta. CISen arabera, botoen ehunekoari dagokionez, Sumar eta Elkarrekin Podemos berdinketa tekniko batean daude, elkarren arteko aldeak behera egin eta gero. Iragarri du Sumarrek botoen %3,1-3,6 eskuratu ditzakeela, eta Elkarrekin Podemosek %3,1-3,2.

Azkenik, Voxek botoen %2,7-3 lortuko ditu, ikerketaren arabera. Kontuan izan behar da %3koa dela eserleku bat eskuratzeko lehian sartzeko gutxiengoa. Hori bai, lurralde bakoitzekoa hartzen da kontuan.

Otxandianok du baloraziorik onena

EAJren eta EH Bilduren arteko lehia nabari da inkestako bestelako galderetan ere. Esaterako, herritarren %28,9k uste dute koalizio subiranista dela hauteskunde kanpainan gai interesgarrienak plazaratu dituena, eta %25ek, EAJ dela. Aldea are nabarmenagoa da gazteen artean: 18 eta 24 urte artekoen artean, %36,7k uste dute EH Bilduk heldu diela dela euren intereseko gaiei. EAJ, berriz, 65 urtetik gorakoen artean soilik gailentzen da. Ikusteko dago ea zer garrantzi izango duen horrek. Izan ere, inkesta erantzun dutenen %30,1ek adierazi dute ez dutela oraindik erabaki nori emango dioten botoa. Era berean, %16,9k erantzun dute azken astean erabakiko dutela noren alde bozkatu, eta %12k bezperan edo bozen egunean egingo dutela.

Bozak zer alderdik irabaztea nahi duten galdetuta, berriz, herritarren %29,8k nahi dute jeltzaleek irabaztea; %29k nahi dute koalizio subiranista gailentzea. Halere, koalizio subiranista aurretik da 18 urtetik 54ra bitarteko adin tarte guztietan.

Antzekoa da aldea lehendakarigaiez galdetuta: %28,2k nahi dute lehendakaria Imanol Pradales izatea, eta %26,8k EH Bilduko Pello Otxandiano izatea. Halere, Otxandianori balorazio hobea jarri diote herritarrek. Batez beste, 5,51ko balorazioa eman diote; Pradalesi, berriz, 5,47koa. Horiek dira gainditzen duten bakarrak, atzetik baitira PSE-EEko Eneko Andueza (4,7), Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategi (4,41), Sumarreko Alba Garcia (3,93), PPko Javier de Andres (2,79) eta Voxeko Amaia Martinez (1,96).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.