Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Kanpaina

Correosek ordutegiak luzatu ditu, posta bidezko botoa ematea errazteko

Posta zerbitzuak 1.584 langile kontratatu ditu plantilla indartzeko. Feijoori erantzunez, Correosek azaldu du prozesua «bermeduna» dela

Correoseko langile bat, aurrean EH Bilduren kartel bat duela. JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain.
2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Amaitu da epea Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako posta bidezko botoa eskatzeko, eta aukera horren alde egin duten hautesleek uztailaren 20ra arteko epea dute botoa edozein posta bulegotan uzteko. Eskaera kopuru handiari erantzuteko, Correosekluzatu egin ditu bere bulegoetako ordutegiak.

Correosek langile gehiago kontratatu behar izan ditu: Hego Euskal Herrian, 1.584 langile kontratatu ditu plantilla indartzeko. Lurraldeka, 637 pertsona kontratatu dituzte Bizkaian, 359 Gipuzkoan, 238 Araban, eta 350 Nafarroan. Gainera, gaurtik aurrera, luzatu egingo dira arretarako ordutegiak. Horrela, astelehenetik ostiralera, Correosen bulegoak zabalik egongo dira 08:00etatik 22:00etara, eta larunbatetan ere irekiko dituzte, 09:00etatik 14:00etara.

Correosek jakinarazi duenez, posta bidezko botoa marka guztiak hausten ari da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei dagokienez, herenegun arte 198.207 eskabide aurkeztu ziren. Beraz, kontuan hartuta hiru lurraldeetako hautesle erroldako bulegoetan 5.000 eskaera iritsi direla egunero batez beste, litekeena da hiru lurraldeetan aise gainditzea 200.000 eskaerak, atzoko eskaerak batuta.

Behin-behinean, hiru lurraldeen artean, Bizkaian eskatu dute posta bidezko boto gehien. Errolda horretako %13,1ek egin dute aukera horren alde. Orain arte, 117.641 eskaera egin dira, hau da, maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan halako lau. Zehazki, posta bidezko botoak %405 egin du gora Bizkaian. Araban 28.404 eskaera jaso dira, erroldaren %11,3, 2019ko apirileko hauteskundeetako %14tik urrun San Prudentzioko zubian izan ziren bozak. Eta Gipuzkoan 52.162 hauteslek emana dute posta bidezko botoa, hau da, hautesle erroldako %9,4k.

Behin posta bidezko botoa eskatuta, uztailaren 16ra bitarte gutun azalak bidaliko ditu Correosek informazio eta boto paper guztiekin, botoa eman ahal izateko.

Irregulartasunen mamua

Udal eta foru hauteskundeetan posta bidezko botoarekin ustez izandako zenbait irregulartasunak eragozte aldera, Espainiako Hauteskunde Batzordeak erabaki du boto emaileak berak eman behar duela botoa posta bulegoetan. Horretarako, nahitaez identifikatu behar du nortasun agiriarekin, pasaportearekin, gidabaimenarekin, bizileku txartelarekin edo identifikatzeko balio duen beste edozein dokumenturekin. Behin botoa emanda, hauteskunde egunean ezingo da hauteskunde mahaian bozkatu.

Bestalde, herenegun Alberto Nuñez Feijoo PPren hautagaiak Correoseko langileei mintzatu zitzaien, eta zera eskatu: posta bidez emandako botoak «goizez, arratsaldez eta gauez» entregatzeko, «euren nagusiek esaten dutena esaten dutela ere». Posta bidezko botoen inguruko irregulartasunen mamua hauspotu izanak hautsak harrotu ditu. Correosek agiri bat kaleratu zuen atzo Feijoori erantzuteko. Adierazi zuen «erakunde eta zerbitzu publikoak ahuldu nahi dituzten eztabaidetatik kanpo» segitu nahi duela, eta bere langile guztien «profesionaltasuna» babesten duela.

Era berean, Espainian posta bidez bozkatzeko prozesua «segurua» eta «bermeduna» dela azpimarratu zuen, eta gogoratu Hauteskunde Batzordea «erakunde independentea» dela eta bera arduratzen dela prozesu guztia ikuskatzeaz eta herritarrentzako berme guztiekin egiten dela ziurtatzeaz. Halaber, argi utzi zuen badituela aparteko orduak ordaintzeko behar diren aurrekontu sailak, eta nominan ordainduko zaizkiela langileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.