Pastor

Cristina, eskailera garbitzailea

2023ko abenduaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

EH Bilduren botoak jaso baino edozer nahiago du Cristina Ibarrolak. Eskailerak garbitu, esaterako. Horixe jakinarazi du Iruñeko alkate ohiak. Kritikak segituan heldu zaizkio. Klasista deitu diote. Horretaz jabetuta, mezua zabaldu du UPNko politikariak. Eskailerak garbitzea lan duina, baina esker txarrekoa dela azaldu du X-ren bidez; errespetu osoa merezi duela. Bere hitzak maltzurkeriaz manipulatu dituztela gehitu du.

Eskailerak eta etxeak garbitzea. Lan mota horietan aritzen zen emakume marokoar batek kontatu zidan, aspaldi, zenbait etxetako andreek nola umiliatzen dituzten langileak. Batzuek ez diete zoru-garbigailua erabiltzen uzten. Belauniko garbitu behar dute. Eskuz. «Segi, oraindik ez dago txukun», agintzen diete. Andre magrebtarrak dituzte gogokoenak. Inor baino zailduago ei daude behar gogorretan. Hegoamerikarrak eztitsuagoak dira; horiek hobe zaharrak gurpildun aulkian paseatzera ateratzeko.

Ez da samurra inoren etxea garbitzen jardutea. 80ko urteetan bazebiltzan euskal gazte batzuk Ingalaterran, horretan ari zirenak. Batez ere, Hegoaldekoak. Ez zuten agiririk —Espainia 1986an sartu zen EBn, baina urte batzuk igaro behar izan ziren legez espainiarrak ziren pertsonek lan-baimena izateko—, eta nola edo hala moldatzen ziren. Cleaner —garbitzailea— zen lan horietako bat. Londres iparraldean, Woodside Park estazioan, metroa hartu goizean eta hiriaren beste muturrera joan, ia ordu eta erdiko bidaian, apartamentuak eta eskailerak garbitzera. Working class ingelesak lanik erosoenak egiten zituen. Besteak, asmatu zeinek. 

Gogorra zen, baina hemen gaude, Alive and Kicking, Simple Minds-ek kantatzen zuen bezala. Ordea, Ibarrolaren ustez, bada eskailerak garbitzea baino behar latzagorik, berak aitortu ez arren. Ez, ez naiz ezkutuko tailer batean gau eta egun lan egiteaz ari. Medikua denez, hurbilagotik ezagutzen duen munduari buruz mintza zitekeen Ibarrola. EH Bilduren botoen laguntza baino beste edozer nahiago duela esan. Adibidez: barneko mediku egoiliarra izateko hamar urtez ikasi eta urte horietan guztietan posturik gabe geratu. Edo bost urtean Opusen ospitalean musu-truk lan egin bekadun, sei egunez astean eta oporrik gabe. Hori baino ezer gogorragorik medikuntza ikasi duen lagun batentzat? 

Oso gogorra da Victoria’s Secret-etik Primark-era jaistea. Oso latza bi edo hiru Michelin izarreko jatetxetik bazter auzo bateko ‘kebab’-era joatea.

Alta, ez da egoera hori politikari eskuindarrari gerta lekiokeen bizi aldaketarik latzena. Ez. Berarentzat mingarriena normalean maila sozial baxuagoko jendeak egiten duen lanean jardutea izango litzateke. Pertsona xume haien pare jartzea. Nahiago luke bere arloko lan mota horietan aritu, objektiboki, seguruena, zapalduago egon arren. Maila sozialari eutsiko lioke oraindik. Itxuraz, behintzat. Mediku lanetan ari zarela esan eta, xehetasunetan hasten ez bazara, inork ez du pentsatuko egoera ekonomiko txarrean zaudenik. Etxeak garbitzen ari bazara, aldiz, desberdina da kontua. Oso gogorra da Victoria’s Secret-etik Primark-era jaistea. Oso latza bi edo hiru Michelin izarreko jatetxetik bazter auzo bateko kebab-era joatea.

X-n hedatu da mezua: beti esaten dutenek eskailerak garbitu gurago dutela ez dituzte sekula santan eskailerak garbituko. Hori esanda, aitortu beharra dago klasismo punttu bat dugula. Neska bat —ez dut haren fisikoa deskribatuko— Brad Pitt-en aurpegiaren eta gorpuzkeraren antipodetan dagoen punta-puntako futbolari batekin ezkontzen denean, zenbatetan ez dugu esan —esan agian ez; pentsatu, bai— mutila kale garbitzailea balitz, ez lukeela bere ametsik zoragarrienean ere halako andrerik ikusiko? Zergatik ez dugu ingeniari, abokatu edo irakasle bat aipatzen? 

The Legend of Bagger Vance filmean —Robert Redford-ek zuzendu zuen 2000. urtean— Hardy Greaves gaztetxoarekin mintzo da Rannulph Junuh golf jokalaria (Matt Damon). Hardyren aita zorretan itota ibili da jokoa zela eta, baina buelta eman dio zoritxarrari, apurka-apurka: «Zeure buruaz errukitzen zara zeure aitak kaleak eskobatzen dituelako? Zure aitak aurrez aurre begiratu zion desgraziari eta erratz batez menderatu egin zuen». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.