«Pozez» hartu du Brian Currin abokatu hegoafrikar eta nazioarteko bitartekariak ETAren azken agiria. Atzo arratsaldean argitaratutako prentsa ohar batean zioenez, «ETAren adierazpenak bete egiten ditu Nazioarteko Harreman Taldea osatzeko ezarritako baldintzak». Hori dela eta, adierazi du dagoeneko hasia dela talde horretako kideekin Euskal Herrira etortzeko eguna adosten: «Ahalegin oro egingo dugu Nazioarteko Harreman Taldea ahal bezain pronto Euskal Herrian bil dadin».
Bruselako Adierazpenaren sustatzaileetako bat da Currin, eta hitz eman du «laster» kaleratuko duela «sinatzaile guztien izenean» egindako adierazpen bat: «Orain sinatzaile guztien iritziak biltzen ari naiz».
Europako Parlamentuko hainbat kidek osatutako Friendship taldearentzat ere, ETAk «urrats erraldoi eta itxaropentsua» egin du gatazka politikoa konpontzeko bidean: «Pauso adoretsu honek bidea egingo die euskal herritar eta eragileei Euskal Herriaren etorkizuna adosteko». Bide horretan «erantzun positiboa» eman eta «konpromisoa» hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Friendshipeko kide batek ere, Bairbre de Brunek, «aurrerapauso sendotzat» jo du erakunde armatuaren adierazpena, eta ezinbestekotzat jo du Europako Batzordeak Euskal Herriko bake prozesua bultzatzea. Brunen ustez, ETAren agiriak erantzun egiten dio nazioarteko eragile garrantzitsu batzuek egindako eskaerari; horien artean dira, besteak beste, Mary Robinson eta Nelson Mandela. Espainiako eta Frantziako gobernuei ere mintaztu zaie Friendshipeko kidea,ETAren agiriak irekitako aukera balia dezaten eskatzeko.
Mugitzeko eskaera
Gerry Adams Sinn Fein Irlandako alderdi politikoko presidenteak «garrantzitsutzat» jo du ETAren agiria, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio «aukera baliatzeko, bake iraunkorra lortzeko eta Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren artean bestelako harreman bati ekiteko».
Adamsek uste du ETAk joan den irailean iragarri zuen erabakia ere «adierazgarria» izan zela, «independentzia lortzeko bide baketsuak eta demokratikoak erabiliko zituela esan zuelako».
Europako Batzordean, bestetik, Pia Ahrenkilde eledunak «zuhurtziaz» jaso du ETAren su-etena, eta babes osoa agertu dio Espainiako Gobernuak indarkeriaren aurka daraman borrokari.
Amnesty Internationalek (AI) giza eskubideen aurkako «gehiegikeria guztiak» amaitzeko eskatu dio ETAri, bai eta hartutako erabakiak atzera bueltarik ez duela bermatzeko ere. Bide batez, Espainiako Gobernuari ere mintzatu zaio. Inkomunikazioa amaitzeko eskatu dio AIk Espainiako Gobernuari, eta atxilotu guztiei «modu bizkor eta eraginkorrean» konfiantzazko abokatu bat hautatzeko aukera emateko.
ETAren su-etena. Erreakzioak
Currinek dio agiriak bete egiten dituela eskatutako baldintzak
Nazioarteko hainbat eragilek «aukeraz baliatzeko» eta «konpromisoa» erakusteko eskatu diote Espainiako GobernuariEuropako Batzordeak «zuhurtziaz» hartu du su-etenaren albistea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu