HEZKUNTZA

D eredua %61era iritsi da EAEko Haur Hezkuntzan

Ikasturte honetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 3 eta 5 urte arteko geletako umeen %30 B ereduan ariko dira eta %8, berriz, A ereduan

DULANTZI
2004ko irailaren 9a
00:00
Entzun
D ereduaren gorakadak ez du etenik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Haur Hezkuntzako ikasleen artean. 3 eta 5 urte bitarteko umeen %61,4 euskara hutsean ariko dira 2004-2005 ikasturtean aurreko ikasturtean baino %1,4 gehiago.

Datu horiek ezagutarazi zituen atzo Dulantzin (Araba) Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Anjeles Iztuetak. Ikasturteari hasiera emateko aurreneko ekitaldia egin zuen han, 9 urteko haurren gela batean.Oro har, gora jarraitzen dute B eta D ereduek (%91,5), eta, bitartean, A ereduaren beherakada handituz doa urtez urte: %8,4k baino ez dute hautatu ikasturteon.

Ereduak indartzeko plana

Iztuetak iragarri zuen ikasturteon ekingo zaiola A, B eta D ereduak indartzeko hizkuntz plangintza bereziari. Horren arabera, ekimen berezi bat abiatuko da irakasleak euskaraz trebatzeko asmoarekin, norberaren ikasgaian izan beharreko euskararen ezagutza sustatuz. Sailburuak azaldu zuen deialdi jakinak izango direla horretarako Irale barruan.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak abenduan jasoko ditu 16 urteko ikasleen euskara mailari buruzko azterketaren emaitzak. Datuak eskuetan izanda, hezkuntza epe bakoitzean jakin beharrekoa zehaztuko dute. Helburua da Derrigorrezko Hezkuntza garaia bukatzean ikasleek ingelesaren First egiaztagiriaren pareko maila izatea. Bestetik, A ereduko zentroek, nahi izanez gero, ikasgai bat euskaraz emateko aukera izango dute.Sailburuaren ustez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistema «nota onak» lortzen ari da ikasturte batetik bestera, «baina oraindik hobetu beharra dauka».Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikasle bakoitzeko urteko 3.440 euro inbertitzen direla jakinarazi zuen.

iaz baino 1.800 ume gehiago

Iazkoarekin alderatuta, 1.800 ume gehiagok hasi dute 2004-2005 ikasturtea. Iztuetak uste du jaiotze tasaren gorakada eta azken bolada honetan garai batean baino etorkin gehiago etortzea direla horretarako arrazoi nagusiak.

Eusko Jaurlaritzak lau erronka nagusi ditu ikasturte honetarako: 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako zikloa sendotzea; eleaniztasunean aurrerapausoak ematea (Iraleren moduko eskaintza ingelesez egiteko aukera aipatu zuen); irakasleak trebatzea lan irizpide nagusietan; eta lan esperientzia egiaztatzea lanbide heziketako titulazioen bitartez.

-

Datua





287.283

Ikasleak: ikasturteon 287.283 ikasle ariko dira guztira; 42.003 Araban, 96.081 Gipuzkoan eta 149.199 Bizkaian.

Ikastetxeak: 820 ikastetxek jardungo dute (publikoak dira %61 eta pribatuak %39); 110 Araban, 295 Gipuzkoan eta 415 Bizkaian.

Irakasleak: 30.000 irakasle inguru ariko dira lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.