HEZKUNTZA

D ereduaren aldeko kanpaina aurkeztu dute Euskarabideak eta 24 tokiko entitatek

Euskarazko ereduak eskaintzen duen "kalitatea, 40 urteko esperientzia eta eleaniztasuna" nabarmendu dituzte kanpainaren sustatzaileek.

Kanpainaren barruan banatuko dituzten eskuorrietako bat. EUSKARABIDEA
Ion Orzaiz.
2018ko urtarrilaren 18a
16:58
Entzun

Hautatu hezkuntza euskaraz, hautatu D eredua izeneko kanpaina herrialde osora zabaltzeko asmoa du administrazioak Nafarroan. Egitasmoarekin bat egin duten tokiko entitateek «Nafarroako biztanleria gehiena hartzen dutela» nabarmendu dute Euskarabideko arduradunek. Izan ere, kanpainara batu dira Nafarroako udalerri eta mankomunitate handienetako batzuk: Iruñea, Barañain, Eguesibar, Sakana, Zizur Nagusia, Berriozar, Uharte, Burlata, Orkoien eta Agoitz, besteak beste.

Euskarazko ereduan izena emateko arrazoien artean, «Nafarroako euskarazko irakaskuntza zentroek 40 urtetik gorako denboraldian pilaturiko esperientzia pedagogiko zabala» aipatu du Euskarabideko zuzendari Mikel Arregik.

Bestalde, «eleaniztasunaren balioa» azpimarratu du Unai Lakok, tokiko entitateen izenean. «Gero eta pluralagoa eta globalizatuagoa den gizarte honetan, eleaniztasunak aukera ematen du komunitate kohesionatuagoak eraikitzeko, ezagutza eta integrazio kulturala errazten ditu eta aniztasunarekiko errespetua sustatzeko balio du; gainera, aukera gehiago eskaintzen ditu gizartearen eta enpleguaren alorretan».

Nafarroan, 2016-2017 ikasturtean lehen aldiz eskolatutako 6.341 haurren artean, %30ek D ereduan eman zuten izena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.