D ereduko erreferentziazko ikastetxeen zerrenda handitu dute eremu ez-euskaldunean

Nafarroako hegoaldeko hamasei ikastetxe publikotan eskainiko du euskarazko lerroa Hezkuntza Departamentuak. Ikasle ratioak jaitsiko dituzte itunpekoetan

Maria Solana Hezkuntza kontseilaria eta Roberto Perez zuzendari nagusia, aurtengo aurrematrikulazio kanpainaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Behin zabalduta, egonkortu. Nafarroako Gobernua duela bi ikasturte hasi zen D eredua eremu ez-euskaldunean ere eskaintzen, eta, ordutik bilakaera irregularra izan duen arren, euskarazko hezkuntza errotzen hasia da. Horren erakusle dira Hezkuntza Departamentuak 2018-2019ko ikasturteko aurrematrikulazioari begira ezarritako aldaketak; besteak beste, D ereduko ikastetxeen zerrenda zabaldu du. Hezkuntza Departamentuko arduradunek atzo eman zuten aurtengo aurrematrikulazio kanpainaren berri.

Eremu ez-euskaldunean, D ereduko eskaintza «erreferentziazko» hamalau ikastetxetan trinkotzea erabaki zuen departamentuak iaz. «Matrikula eskaerak sakabanatzea» eragotzi nahi zuen horrela. Zerrendatik kanpoko zenbait eskolatan, ordea, D ereduko eskaera ugari jaso zituzten, eta euskarazko lerroa zabaldu behar izan zuten. Aurten, zerrendan sartu dituzte horiek ere.

Eremu ez-euskalduneko hamasei udalerritan emanen dute sare publikoan D ereduan matrikulatzeko aukera: Lizarran, Abartzuzan, Allon, Zudairen, Antzinen, Los Arcosen, Lodosan, Zangozan, Tafallan, Erriberrin, Caparroson, Zarrakaztelun, Azkoienen, Tuteran, Castejonen eta Noainen. Iaz baino bi gehiagotan.

D ereduko ikastetxe berriez gain, aurtengo aurrematrikulazio kanpainaren berritasun nabarmenen artean daude ratioen murrizketa eta familia bakoitzak hauta dezakeen zentro kopurua handitzea: izan ere, 3 urteko neska-mutikoen aurrematrikulazioan, sei ikastetxe hautatzeko aukera izango dute gurasoek edo tutoreek —hiru ziren orain arte—.

Hezkuntza Departamentuak gelako 25 ikasleko ratioa ezarri zuen sare publikoan orain dela bi ikasturte. Orain, neurri bera ezarri du itunpeko ikastetxeen kasuan ere. «Egoera lehengoratuta, bukatutzat jo dezakegu aurreko legealdian ezarritako murrizketa», azaldu du Hezkuntzako zuzendari nagusi Roberto Perez Elorzak.

Otsailaren 1etik 7ra zabalik izanen da aurrematrikulazio epea. Ondoren, ikastetxeek martxoaren 5era arteko epea izanen dute onartutako ikasleen behin-behineko zerrenda erakusgai jartzeko, eta behin betiko zerrenda, berriz, martxoaren 12an argitaratuko dute zentroek. Matrikula epeari dagokionez, martxoaren 26tik 28ra izanen da 3 urteko ikasleen kasuan, eta Haur eta Lehen hezkuntzako gainerako ikasleena, berriz, ekainaren 25etik 28ra.

Kanpaina, publikoaren alde

2018-2019ko ikasturteko aurrematrikulazioaren nondik norakoak aletzeaz gainera, hezkuntza publikoaren aldeko kanpaina ere aurkeztu zuten hezkuntzako arduradunek atzoko agerraldian. Hau izanen da aurtengo leloa: Aukeratu publikoa, guztiona. Hezkuntza kontseilari Maria Solanak nabarmendu zuen gobernuak «hezkuntza publikoaren aldeko aldarrikapen ozena» egin nahi izan duela kanpaina horrekin: «Hezkuntza eleaniztuna, gertukoa eta ingurunean txertatutakoa eta aniztasunari erantzuteko gai den hezkuntza publikoa proposatzen dio departamentuak Nafarroako gizarteari».

Hezkuntza Departamentuak ez du D ereduaren aldeko kanpainarik sustatuko, ez beste ezeinen aldekorik. Kontseilariak argitu duenez, Euskarabidea institutua arduratuko da horretaz, urtero bezala: «Euskarazko hezkuntza sustatzeko kanpaina orokorra aurkeztuko du Euskarabideak datozen egunetan, eta, horrez gainera, udal eta toki entitateek ere D ereduaren aldekoak eginen dituzte, Euskarabidearekin elkarlanean».

Hain zuzen, aukera horrek haserrea eragin dio UPNko Hezkuntza arduradun Alberto Catalani. Parlamentari erregionalistaren aburuz, «onargaitza» da udalek euskarazko hezkuntza publikoaren aldeko kanpainak sustatzea: «Hizkuntza eredu jakin baten alde udal nazionalistek erakutsi duten jarrera errespetu gabea da beste hezkuntza ereduekiko».

Horrez gainera, deia egin dio Hezkuntza Departamentuari, Euskarabidearen «injerentziarik» onar ez dezan: «Hezkuntza Departamentuaren eskuduntza da hau, eta Euskarabideak ez du zertan tartean sartu. Iaz, ikastetxeetan egin ziren informazio saio bakarrak D ereduari buruzkoak izan ziren, eta hori ezin dugu onartu, D eredua besteen gainetik jartzen baitu horrek».

Azkenik, eremu ez-euskaldunean D ereduko erreferentziazko zentroen kopurua handitu izana ere salatu du UPNk: «Departamentuak azaldu beharko du zergatik hartu duten erabaki hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.