D3M eta Askatasuna auzian ostegunetik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten hamahiru epaituek babesgabe daudela salatu dute. Bi arrazoi nagusi eman dituzte horretarako. Batetik, salatu dute ez dakitela haien etorkizunari buruzko erabakia hartuko duen epaimahaia zein magistratuk osatzen duten ere. Eta, bestetik, nabarmendu dute epaiketara eraman nahi zituzten 64 lekukotatik sei besterik ez dietela onartu. Fiskalari proposatutako lekuko guztiak onartu dizkiote; guztiak dira poliziak.
Badakite Zigor Arloko Lehen Ataleko epaileek osatuko dutela epaimahaia, baina ez dakite atal hori nork osatzen duten. Javier Gomez Bermudez zuen buru atal horrek lehen, baina hura zigor arloko presidentetzatik kendu zutenean —Fernando Grande-Marlaskak hartu zuen kargua—, atal horretatik ere aldatu egin zuten, eta oraindik ez diete jakinarazi nor diren aurreneko ataleko magistratu berriak.
Auzipetuek prentsaurrekoa eman zuten atzo, Bilbon, epaiketaren inguruan egiten duten irakurketaren berri emateko. Egoera «larria» izanagatik ere, Madrilera lasai doazela jakinarazi zuten: «Jakin badakigu gure delitu bakarra Euskal Herriak behar duen aldaketa politiko eta sozialaren alde lan egitea izan dela, justizia sozialean oinarritutako Euskal Herri independentea lortzearen aldeko lana bultzatzea».
Seguru daude ez dutela deliturik egin. Gogora ekarri dute 2009ko martxoan izan ziren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkezteko D3M hautesle elkartea eta Askatasuna alderdia baliatzen saiatzeagatik epaituko dituztela, baina haien kontrako akusazioa desberdina dela salatu dute. ETAko kide izatea edo erakunde armatuarekin kolaboratzea egozten die Fiskaltzak hamahiru lagunei, eta zazpi eta bederatzi urteko espetxe zigorrak eskatzen ditu haientzat.
Jokaleku berrirako lana
Akusatuen aulkian haiek eseriko diren arren Espainiako Auzitegi Nazionalak benetan epaitu nahi duena «jokaleku berria eraikitzeko lana» dela uste dute auzipetuek. Hori «euskal jendartearen gehiengo zabalak nahi duen bake eta demokraziarako jokalekuaren aldeko lana» dela diote, gainera, auzipetuek.
Horregatik, ireki den aro berrian aurrera egiteko gizarteak egiten dion eskaerari muzin egin eta «entzungor» jarraitzea aurpegiratu diote Espainiako Gobernuari: «Salbuespenezko politikei, ilegalizazioei eta eskubide zibil eta politikoen urraketari eusten die. Hain zuzen, oinarrizko eskubide demokratikoa den hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea defendatzeagatik epaituko gaituzte».
Baina bide horrek ez duela etorkizunik ohartarazi diote Espainiako Gobernuari: «Estatuaren erasoen aurrean gero eta indar gehiago bilduko baitugu aski dela aldarrikatzeko, ozen oihukatzeko ez dugula ez epaiketa politiko gehiagorik ez eskubide zibil eta politikoen urraketa gehiagorik onartuko». Gizartearen gehiengoaren babesa badaukatela diote, eta horixe erakutsi nahi dute maiatzaren 5ean Bilbon egingo den nazio manifestazioan. 17:30ean abiatuko da manifestazioa, Casillatik, Eskubide guztiak, proiektu guztientzat. Epaiketa politikorik ez lelopean. Mobilizazio horietan parte hartzeko deia egin zieten herritarrei.
Ostegunean hasiko da epaiketa, eta ostiralean jarraituko du, San Francisco de Henares herrian, Madrildik 15 kilometrotara. Hilaren 8an eta 9an jarraituko du, eta 17an eta 18an amaitzea espero da. Egun horietan, Euskal Herriko gizarte eragileen babesa ere jasoko dute auzitegian bertan.
D3M plataformako eta Askatasuna alderdiko kideen agerraldiaren bideoa, hemen ikusgai.
www.berria.info
D3Mko auzipetuek babesgabe daudela salatu dute epaiketa egin aurretxoan
Epaiketa ostegunean hasiko den arren epaimahaia zein izango den ere ez dakitela salatu dute auzipetuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu