Biharkoa da egun handia, baina dagoeneko festarako hasi dira prestatzen Donostian, Azpeitian, Lakuntzan, Tafallan eta Zangozan eta Tafallan. Hain zuzen ere, lehen hiru herrietan danborradak dira sansebastian jaietako ekitaldi esanguratsuena.
Hala, Donostian gauerdian lehertuko da festa, Gaztelubide elkarteko kideak Konstituzio plazan San Sebastianen martxa jotzen hasten direnean. Aurten bada berritasunik, azken 16 urteetan Gaztelubideko danborradaren zuzendari edo danbor nagusi izan den Juan Mari Abadek kargu hori utzi eta Jose Ramon Mendizabal Mendi-ri pasako baitio lekukoa. Loiolatarra kirol elkarteak, berriz, 50 urte egingo ditu danborradan.
Ertzaintzak Konstituzio plazako bizilagunei kartelak eta presoen argazkiak ez jartzeko eskatu die, gara.net webguneak dioenez.
Azpeitiko plaza ere Sarriegiren doinuek hartuko dute gauerdian, baina harenak ez ezik, Jose Luis Frantzesena musikari azpeitiarrak azken urteetan danborrada horretarako berariaz sortutakoak ere joko dituzte. Lakuntzan ere azken urteetako ohiturari eutsiz danbor hotsekin abiatuko dituzte San Sebastian jaiak. Bihar, berriz, santuaren izeneko ermitara joango dira herritarrak eta han txistorra eta txokolatea jango dituzte, besteak beste. Arratsaldean Alkate Dantza egingo dute dantzariek.
Tafallan eta Zangozan, berriz, ez dute danborradaren beharrik festa egiteko. Aitzitik, auroroen erronda da Nafarroako bi herri horietan sansebastianetako ohiturarik esanguratsuenetako bat.
Danborrada sansebastianak baino lehen
Hendaian iragan larunbatean egin zuten danborrada, Bixintxo jaietan. Ehunka herritarrek parte hartu zuten gero eta gehiago errotzen ari den festan. Herriko Plaza danbor doinuekin alaitu ondoren, herri afaria egin zuten Beltzeniako pilotalekuan.
Sansebastianak
Danbor hotsa lehertzeko zain
Festa giroak hartuko ditu gaur Donostia, Azpeitia, Lakuntza, Tafalla eta Zangoza. Donostian Loiolatarra elkarteak 50 urte egingo ditu danborradan. Ertzaintzak Donostiako Konstituzio plazako bizilagunei kartelak eta presoen argazkiak ez jartzeko eskatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu