Hotz etorri da aurten San Sebastian eguna, baina festa egun handia dutela-eta giroa bero-bero dago Donostian, Azpeitian (Gipuzkoa) eta Lakuntzan eta Tafallan (Nafarroan).
Gauerdian hasi da festa Donostian, Gaztelubide elkarteko kideek Sarriegiren Donostiako martxa jo dutenean. Hotzari aurre eginez, jendez beteta zegoen Konstituzio plaza, haietako asko, sukaldari txapelak eta danbor txikiak jantzita, denak jai irrikaz. Ohikoa denez, Odon Elorza alkateak igo du hiriko martxaren doinuen konpasean hiriko bandera, baina aurten Ainhoa Beola zinegotzia (Aralarrekoa) izan du laguntzaile. Festak ez ezik, aldarrikapenak ere izan du lekurik bart Donostiako Konsituzio plazan: presoen aldeko ikurrak erakutsi dituzte oholtzaren inguruan bildutako hainbat lagunek, eta, halaber, presoen aldeko zein Euskal Herriarentzat demokrazia eskatzen zuten pankartak eskegi dira.
Egun osoandanbor hotsak dira nagusi Donostia guztian, eta 24 orduz etenik gabe danborrada mordoa dabiltza hirian. Eguerdiko 12:00etan, berriz, haurren danborrada abiatu da Alderdi Ederretik. Aurten 7.000 ume atera dira.
Azpeitian, ohi baino beranduago
Azpeitian, berriz, hainbat aldaketa izan dira aurten danborradan. Orain arte, San Sebastian bezperan 22:15ean abiatzen zen helduen danborrada, gero gauerdian plazan egindako saioarekin amaitzeko. Aurten, ordea, ordubete beranduago, 23:15ean, abiatu da, plazan gauerdian egin dute joaldi nagusia, baina ondoren herriko kaleak alaitzen jarraitu dute goizeko ordu txikiak arte. Halaber, inoiz baino talde gehiagok parte hartu dute aurten Azpeitiko danborradan.
Baina festa ez da bart gauekoarekin amaitzen. Aitzitik, ekitaldi ugari egingo dira gaur Azpeitian. Honako hau da egitaraua:
09:30. Txistularien goiz eresia. Ordu berean hasita, Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek kalejira egingo dute, Udal Musika Bandarekin batera.
10:15. Herriko udalbatza Soreasuko Sebastian Donearen parrokira joango da.
10:30. Santua prozesioan aterako dute.
10:45. Meza nagusia izango da parrokian. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek San Sebastian martxa joko dute parrokian.
12:00. Sokamuturra izango da Plaza Nagusian, Erdi Kaletik aterata.
12:30. Haurren danborrada hasiko da, Arana eta Artzubia kaleetatik abiatuta. Julian Barrenetxea hil zeneko 50. urteurrena eta Julian Barrenetxea abesbatzaren 25. urteurrena irudikatuko ditu aurtengo karrozak. Eider Joaristik egin du, Imanol Eliasen aholkularitzarekin.
16:00. Haur parkea jarriko dute Olazko Andre Mariaren plazan.
16:30. Sokamuturra izango da kaleetan 20:00ak bitartean.
17:00. Asegarceko pilotariek partidak jokatuko dituzte Izarraitz frontoian. 1. partida, lau t'erdikoa: Iñigo Leiza / Iñigo Diaz. 2. partida, binaka: Ekaitz Saralegi- Kepa Peñagarikano / Iker Arretxe Arretxe II.a- Iñaki Otxandorena.
23:15. Bandera jaistearen ibilbidea hasiko dute sei elkartek Udal Musika Bandak lagunduta: Zokoa, Basazabal, Ziripot, Landeta Egizale, Alkartasuna eta Ollagorra.
00:00. Bandera jaistea.
Festak Lakuntzan eta Tafallan
Donostian eta Azpeitian ez ezik, Nafarroako bi herritan ere festa handia dute San Sebastian egunean: Lakuntzan eta Tafallan. Jai giroko ekitaldi asko izango dira gaur bi herri horietan.
San Sebastian eguna
Danbor hotsak giro hotza berotzeko
Gauerdian lehertu da festa Donostian, eta 12:00etan abiatu da haurren danborrada. Azpeitian hainbat aldaketa egin dituzte aurten helduen danborradan, eta hor ere jaia nagusitu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu