Dardara Euskal Herrira iritsi da

Euskal Herrian bizi diren marokoarrek gertutik bizi dituzte lurrikararen ondorioak, askoren senideei zuzenean eragin baitiete. Laguntza bidaltzeko antolatzen hasi dira herritarrak zein gobernuz kanpoko erakundeak.

Marrakexeko kale bat, lurrikararen ostean. YOAN VALAT / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Hilaren 3an itzuli ginen Marokotik Euskal Herrira. Kasualitatea. Bueno, kasualitatea baino gehiago, miraria!», esan du Halima Uafak. Euskal herritarra da, Zumaian (Gipuzkoa) bizi da, eta haren gurasoak eta gainerako senideak marokoarrak dira. Kezkatuta ari da egun hauek pasatzen, ostiral iluntzean Marokon izandako 6,9 graduko lurrikarak Marrakex hego-mendebaldea suntsitu baitzuen; gutxienez 2.901 dira hildakoak, eta 5.530 zaurituak. Azken hamarkadetan Marokon izaniko lurrikara handiena izan da, eta, haren dardara Euskal Herrian fisikoki nabaritu ez bada ere, bertan bizi den marokoar komunitateak gertutik bizi izan du gertatutakoa, haien senideetako asko jaioterrian bizi dira eta.

Uafak senide asko ditu Marokon: «Nire izeba-osabak, lehengusuak eta aitona Marokon bizi dira; gehienak, Rabaten». Haren senide bat ere ez da hil edo zauritu lurrikararen ondorioz, baina eragina nabaritu dute: «Nire izeba bat Marrakexen bizi da, eta han susto ederra hartu dute. Nire aitaren koinatuari, adibidez, etxea puskatu zaio. Zorionez, Rabaten zegoen lurrikara izan zenean».

Jassin U-jakub Marrakexekoa da izatez, eta duela lau urte etorri zen Euskal Herrira bizitzera, «bizitza hobetzera». Bilbon bizi da egun, baina haren ama Marrakexen harrapatu du lurrikarak: «Asko kezkatu nintzen, bereziki amarengatik. Zorionez, ondo dago. Etxeko lurra dardarka hasi zen, eta kalera atera ziren: ia gau osoa kalean igaro zuten. Gau horretan bertan deitu zidan telefonoz. Kalera irten zenean».

Haren amaren etxea Marrakex kanpoaldean dago, eta ez da erori. Hala ere, etxerik gabe geratu denik ezagutzen du: «Parte zaharreko etxe asko suntsitu zituen lurrikarak. Lagun askoren etxeak erori direla esan dit amak. Laguntzak iristen ari dira, elkarren artean laguntzen ari dira, baina familia askori oraindik ez zaie laguntzarik iritsi; bizilagunen etxeetan daude batzuk, eta kalean beste asko, larrialdi zerbitzuen zain».

Al Manar elkarteko kidea da Mostapha Aitukdim, eta nabarmendu du lurrikararen ostean nabaritu dutela «Euskal Herriak marokoarrei dien sinpatia». Lurrikarak «orain arte ikusi gabeko ondorioak» izan dituela esan du: «Oso kezkatuta gaude katastrofea ikusita. Nik 50 urte ditut, eta ez dut ezagutu neurri horretako desastrerik».

Gainera, gogorarazi du herrialdea ez zegoela prest tamaina horretako lurrikara bat jasateko: «Ez dago azpiegitura handirik, eta dagoena oso txarra da. Horregatik, laguntzea zaila da; erreskatea, zailagoa». Azpiegiturak ez ezik, bizitokiak ere material ahulekin eginda daudela salatu du Ujacubek: «Etxe gehienak lurrez eraikita daude; herritarrek beti eskatzen diote baimena gobernuari burdinarekin etxe berriak eraiki ahal izateko, baina ez diete uzten. Gainera, oso material garestia da, eta jendea han txiroa da. Ez dute etxe berririk egiteko dirurik. Etxeak burdinazkoak badira, babestuago egongo dira aurrerantzean beste lurrikararik badago. Erraz suntsitzeko modukoak ez diren etxeak behar dira Marokon; iraun dezaketenak».

Elkartasuna Euskal Herritik

Etxerik eta seniderik gabe geratu direnei laguntzeko moduak badaude Euskal Herrian, eta Uafa hasi da jada laguntza antolatzen: «Meskiten bidez bidaltzen ari gara janaria, dirua... ahal duguna. Haiek eramango dute Marokora. Egoera honetan, ahal duguna egiten ari gara», adierazi du. «Ostiralean minutu bateko isilunea egingo dugu Bilbon, lurrikararen ondorioz hildako lagunen omenez. Marokoar komunitatea elikagaiak eta sendagaiak biltzen ari da, baita gainerako euskal herritarrak ere», erantsi du Aitukdimek.

Hainbat tokitan etengabe ari dira laguntzeko bideak eta egitasmoak abiatzen. Nafarroan, Caritasek kontu korronte bat zabaldu du dirua bidaltzeko, eta Ipar Euskal Herrian Baionako meskitak antolatu du laguntza; ostiralean eta larunbatean elikagaiak, arropa, sendagaiak eta oinarrizko beharrak asetzeko bestelako materialak bilduko dituzte hara bidaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.