Gizartea

Darponek fiskalaren esku utzi du oposizioetan deliturik egon ote den argitzea

Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean aitortu du ez dagoela “harro” lan eskaintza publikoarekin. Oposizioko taldeek “gardentasun falta” leporatu diote, eta “zigorgabetasun pertzepziorik” gera ez dadila eskatu.

Jon Darpon Osasun sailburua gaur goizeko agerraldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jon Rejado.
2018ko urriaren 10a
19:27
Entzun

Jon Darpon Osasun sailburua Eusko Legebiltzarrean izan da, Osakidetzako lan eskaintza publikoa dela-eta zer pauso eman diren azaltzeko. Deialdia egin zutenetik orain arteko kronologia eta hartutako erabakiak xehatu ondoren, sailburuak argudiatu du “berme handienak” izan arren “irregulartasunak” antzeman dituztela. Are, aitortu du ez dagoela “harro” oposizioekin. Edonola ere, gaineratu du fikalaren ardura dela zehaztea ea irregulartasunen atzean deliturik dagoen.

Ekainetik orain arte egindako ikerketak emaitza hauek ekarri ditu, Darponek ezagutarazitakoaren arabera: batetik, epaimahaiek berriz antolatuko dituzte bost azterketa hiru kategoriatan —sailburuak iragarri du urtea amaitu baino lehen “egiten saiatuko" direla—; bigarrenik, traumatologia kategoriako hautaketa prozesuaren jarduerak eten ditu; azkenik, Osakidetzak zortzi informazio txostenen informazioa eman dio fiskalari, deliturik ote dagoen iker dezan.

Eusko Legebiltzarreko oposizioko taldeak oso kritikoak izan dira Osasun Sailak hartu dituen neurriekin. Osakidetzak egindako barne ikerketaren aktetan “iruzurren zantzuak” daudela nabarmendu dute EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk. Ordea, gaineratu dute zantzuak zeuden hainbat kasutan ikerketak ondoriorik gabe itxi dituztela. Gertaera horiei “garrantzia kentzeko asmoa” leporatu diote bai Osasun Saileko eta bai Osakidetzako arduradunei.

Jon Darpon Osasun sailburuak jakinarazi du lanean ari direla oposizioen eredua aldatzeko. Eredu berria adostearen alde egin du, eta lan horretan elkarlanerako asmoa agertu dio EH Bilduri. Hain zuzen ere, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Osakidetzako lan-kontratazio eredua aldatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.