Atzean utzi gintuzten. Atzean utzi genituen. Gure unibertsoaren erdigunea izan ziren. Elkarren beharra genuen sentitu, elkarri garra bizitu. Argia itzali zen arte. Sua lehenagotik amatatuta zegoen agian, baina kriseiluak ñirñirka segitu zuen aldi batean bihotzaren epelean. Gure eroa zen haien beroa. Eta haien boza, gure poza. Harik eta mundua, elkarrekin eraiki genuen mundua, plaust jausi zen arte. Gure bikotekide ohiak dira.
Amodio-harremanen arau idatzi gabe batek dioenez, ez da komeni bikotekide ohiak gehiegi agerraraztea. Errezelorik ez sortzeko edo. Zer esan bikotekideek gu baino lehen maitatu zituzten lagunen kasuan? Emakume baten mezua hedabide batean, aholku eske. Senarrak usu aipatzen du bulegokide bat. Emazteak janari bat egin eta: «Katy-k ederki prestatzen du plater hau». Aferaren bat izango du gizonak? Lasai egoteko erantzun dio Elena Francis modernoak. Segurtasun falta duzu, horixe arazoa. Baliteke. Eta senarrak begirune eskasa —eta kirtenkeria sobera—. Bikotekidearen lankide batek jelosia pizten digu barruan. Zer pentsatuko genuke geure bihotzeko kutunenak aspaldiko lagun berezi baten dohainak etengabe izango balitu hizketagai? Iraganaren oihartzunak. Gure bikotekideen bikotekide ohiak dira. Maitea guk baino lehen maitatu zutenak.
Estel Sole aktore eta idazle katalanak erlazio heterosexualetan nola lotzen garen azaldu du testu batean. Emakume askoren aldatu egingo dut sindromea, nahiz garaiak ez diren antzinakoak. Haren iritziz, gizonok jadanik existitzen ez diren andreak bilatzen ditugu eta emakumeek oraindik existitzen ez diren gizonak. Horretan ere garaileak gizonak direla uste du: «Nolanahi ere, ausartuko nintzateke esatera haiek arinago aurkituko dituztela jadanik existitzen ez diren emakumeak guk oraindik existitzen ez diren gizonak baino».
Bikotekideen bikotekide ohienganako mesfidantza ez da soilik andrazkoen artean izaten, ordea. Gizonok ere izan dezakegu halakorik erraietan
Horrekin batera, gizonaren lehenagoko bikotekideenganako mesfidantza femeninoaren mamuari buruz mintzatu da Sole. Hark ikuspegi positibotik begiratzen dio horri, baina: «Desmuntatu egin behar dugu geure maitaleen, senarren edo bikotekideen bikotekide ohiak, emakumeak diren heinean, distantzian mantendu eta susmopean begiratu behar ditugun ustea, aitortzeko, ziur aski, desiratzen ditugun gizonengan aurkitzen ditugun gauza on askoren atzean gure aurretik maite eta desiratu zituzten emakumeen eskua eta arima, frustrazioa, malkoak eta maistratasuna daudela».
Bikotekideen bikotekide ohienganako mesfidantza ez da soilik andrazkoen artean izaten, ordea. Gizonok ere izan dezakegu halakorik erraietan, auziari jarrera egokitik irizteko aukera badugu ere: gure bikotekideei orain diren bezalakoak izaten lagundu zieten behinolako maitale laztan haiek. Horrela ikus genezake, beldurrei eta konplexuei aurre eginez, geure gizontasuna haienarekin konparatu barik. Askotan ez da hala gertatzen, oraindik existitzen garen gizonok ez baitugu pentsatzen «bikotekidea hobea irten zen pertsona gisa erlazio hartatik?», baizik eta «nik baino modu hobean jarduten zuen morroi horrek ohean?».
Bikotekide ohiak. Haien arrastoa ez dugu beti galtzen. Batzuetan, besteren bidez izaten dugu haien berri: ezkondu (edo bereizi) egin da; bi ume koskor ditu; atzerrira joan da... Bestetan, erritualari eutsi eta urtean behin edo bitan zoriontzen dugu elkar: urtebetetzean, Urteberri egunean...
Eta egun batean, ezustekoa: bikotekide ohi horietako bat joan egin da. Betiko. Oraindik ere gazte. Edo gazte samar. Eta lagun hori guretzat zer izan zen hausnartu dugu. Eta gu harentzat. Bere bikotekideak haren bikotekide ohiaren berri ba ote zuen eta, baiezkoan, nolakoa. Gu goazenean geure bikotekideak eta bikotekide ohiek nola izango gaituzten gogoan. Zer sentimendu nagusituko zaien gure izena edo irudia burura etortzen zaienean. Bidean elkar topatu genuen egunean baino hobeto utziko ote ditugun. Gu oraindik existitzen ez diren gizonak izan ez garen arren. Haiek jadanik existitzen ez diren emakumeak izan diren arren.