Baikortasunerako tarteak gutxi iraun du. Gaur, datu ezkorrak eta kezkagarriak dira nagusi. Batetik, Ipar Euskal Herriko hildakoen datu berriak ezagutu dira. Frantziako administrazioak ez du gardetasunez jokatzen, baina suprefetaren bidez jakin denez, orain arte Baionako ospitalean hamar lagun hil dira koronabirusaren gaitzarekin gaixorik. Hego Euskal Herrian, 14 hildako zenbatu dituzte, atzo baino bi gehiago. Guztira, 1.697 hildako azken bi hilabeteetan.
Bestetik, positiboen kopuruak nabarmen egin du gora. 529 positibo berri atzeman dituzte, bezperan baino 399 gehiago. Lurralde guztietan egin du gora: Araban, 140 atzeman dituzte (+108); Bizkaian, 215 (+153); Gipuzkoan, 30 (+28); eta Nafarroan, 144 (+110). Berriz ere kuota altu batean jarrita, 500tik gora positibo egunean. Konfinamendu osoa amaitu eta hamabost egunetara eguneko positiboen kopuruak zailtasunak ditu beherako joera argia erakusteko.
Gaurko beste datu ezkorra ospitaleratuen kopuruak gora egin izana. 957 pertsona daude ospitaleratuta, bezperan baino zortzi gehiago. ZIUn, 158 pertsona (bat gutxiago).
Konfinamendua arintzeko planak ari dira azaltzen administrazio ezberdinak. Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak jakinarazi duenez, maiatzaren 11tik aurrera hasiko dira arintzen neurri murriztaileak. Tokian tokiko elkargoen esku utziko du Frantzia mailan hartuko dituzten neurriak egokitu eta ezartzea.
Pedro Sanchez Espaniako gobernuburuak aurrera begirako planak aurkeztu ditu gaur arratsaldean. Konfinamendua zortzi astez luzatuko da. Konfinamendutik ateratzeko plana mailakakoa eta asimetrikoa izango da, baina ez da probintzien arteko mugikortasunik izango normaltasunera iritsi arte. Plana faseka garatuko da.
DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
MAPA: Koronabirusaren hedapena herriz herri eta osasun eremuka
ZUZENEKOA: Eguneko jarraipena
Agian honek ere merezi du
Presoak eta birusa. Presoen egoera asko okertu da koronabirusaren krisiaren ondorioz. Presoen senide batzuek hitz egin dute 'Etxeko leihotik' saioan, Maider Galardiren eskutik. Presoei senide eta lagunen bisitak eten dizkiete, medikuen artarik ez dute, eta bideo deiak egiteko aukerarik ez dute apenas.
Ikuskizunak ikuskizun. Udaberri-udarako aurreikusitako kultur ekitaldiak bertan behera gelditzen edo atzeratzen ari dira etengabe. Gaur, hiru kasuren berri eman dute. Maiatzean hasteko zen Udabarria Bertsotan izeneko sailkapen fasea irailerako atzeratu du Bizkaiko Bertsolari Txapelketak. Lekeition bertan behera utzi dute Kaleka jaialdia, uztailean egitekoa zena. Azkenik, Donostia Kulturak bertan behera utzi ditu ekaineko ikuskizunak.